'Harea' antzezlana: bi gazte, hegazkin istripua, eta uharte bakartian sortutako gorabeherak

Hitzik gabeko tragikomedia bat da antzezlana, eta Luix Mitxelena eta Arnatz Puertas dira bi aktoreak.

Ixo Teatroa antzerki konpainiak Harea antzezlana taularatuko du Bilboko Pabellón 6 antzokian asteburu honetan. Abentura gorabeheratsua biziko duten bi gazte dira antzezlanaren protagonistak. Ez dute hitzik egiten antzezlan honetan, eta gizakiak duen anbizioari buruzko tragikomedia da. 

Bi gaztek hegazkin istripua izango dute, eta uharte bakari batean amaituko dute, nora jo ez dakitela. Maleta bat eta zuhaitz bat besterik ez dituzte, eta zuhaitzaren azpian jaioko da bien arteko adiskidetasuna. Dena hankaz gora jarriko da, ordea, lehen fruta eroritakoan. Errealitate berri horretan balio handiko zeozer izango da, eta borroka eragingo du bien artean.

Luix Mitxelena eta Arnatz Puertas dira bi pertsonaiak gorpuzten dituzten aktoreak, eta baita IXO Teatroaren eta lanaren sortzaileak ere. Istorioak keinu-komediaren bidez kontatzeko pasioa dute biek, eta antzerki fisikoaren bidez gatazka sozialak, hausnarketa pertsonalak eta, azken finean, haien bizitza ikusteko modua eta gizakiak ulertzeko era islatu nahi dituzte oholtzan.

Izaro Pizarro izan da zuzendari laguntzailea, eta Estitxu Zalduaren kanpo begirada izan dute lagun antzezlan honetan. Betitxe Saituak jantziak diseinatu eta egin ditu, Adrian Garcia de los Ojosek soinu-espazioa, Javier Tirado eszenografiaz arduratu da, eta Jaione Azkona, berriz, argiztapen diseinuaz.

Harea antzezlana ekainaren 4an, 5ean, 6an eta 7an oholtzaratuko dute. Emanaldiak 19:30ean izango dira, igandeko saioa izan ezik, 19:00etan izango baita. Sarrerak www.pabellon6.org webgunean daude eskuragarri.