Hankako hezurrak hautsiko al zenituzke, altuagoa izateko?

Altueraren inguruko presioa eta estigma soziala dela eta, hankak luzatzeko ebakuntzak egiteko joera zabaltzen ari da.

Aurten estreinatutako Materialists filmean ezkontzagina edo matchmaker-a den neska bat da protagonista, Dakota Johnson aktoreak gorpuztua, eta bezeroei bikotekidea bilatzea da haren eta enpresaren helburua. Bezeroek bitotekideak izatea nahiko lituzkeen ezaugarriak zerrendatzen dituzte, deskribapen horrekin bat egin dezaketen pertsonak bilatzeko.

Bezero batzuek aipatzen duten ezaugarrietako bat altuera izaten da. Neska-lagunak edo mutil-lagunak zenbat neurtzea nahiko luketen. Izan ere, oraindik ere, mutilek eta neskek izan beharreko altueraren inguruko uste mugiezinak ditugu kasu askotan, hau da, mutilek altuak izan behar dutela eta neskek, aldiz, ez oso altuak. 

Konbentzio sozial honek ezinegon eta sufrimendu handia eragiten ditu espektatiba horiek betetzen ez dituztenengan. Horren ondorioz, gero eta gehiago dira hankak luzatzeko ebakuntza egiten dutenak, altuagoa izan nahian. Gehienak gizonezkoak izaten dira, baina badira emakumeak ere, eta kasu gutxi batzuetan emakumeek hankak mozteko ebakuntza egiten dute.

Txinan debekatu egin zuten hankak arrazoi estetikoengatik luzatzea, izan ditzakeen arriskuak direla eta. Erresuma Batuan ere osasun kontuetarako egiten da bakarrik. Ohiko moduan, egoera hori negozio pribatua egiteko aprobetxatzen dute batzuek, Turkian eta Estatu Batuetan esaterako.

Ez da prozedura samurra izaten. Ebakuntza horretan, zirujauak hezurra moztu eta luzatu egiten du, hezur berria haztea ahalbidetzen duen finkatze-gailu bat txertatuta. Gailua luzatu nahi den hezurrean jartzen da eta pixkanaka doitu egiten da, hezurraren muturrak bereizteko. Gorputza hezur berria sortzen hasten da gailuak sortutako espazioan, eta horrek hezurraren luzera handitzea eragiten du.

Hezurrak luzatzeko prozesuak hainbat hilabete iraun dezake, zenbat luzatu nahi den arabera. Luzatzea amaitu ondoren, errehabilitazioa egin behar izaten da, fisioterapia, giharrak indartzeko eta kaltetutako eremuaren mugikortasuna hobetzeko ariketak egiteko. Errehabilitazioak ere hainbat hilabeteko  iraupena izan dezake, ebakuntzaren konplexutasunaren baitakoa izaten da.

Prozedura mingarria eta gogorra izaten dela ondoriozta dezakegu, baina gerokoak ere ez dira arinkeriak izaten. Giharren eta tendoien gorabeherak, fisioterapia, berriz ibiltzen ikasi beharra, antikoagulatzaileak hartu, minarentzako pilulak ere bai akaso... Zaintza zorrotza behar izaten omen dute pazienteek, eta konplikazioak sor daitezke: odolbilduak, artikulazioetako arazoak, hezur-ehun berria ez haztea, odol-hodietako lesioak, orbainak, min kronikoa... Edota ballet dantzariaren sindromea, hau da, akilesen tendoiak behar bezala ez luzatzeagatik, oinen arkua nabarmendu eta pazientea oinez ezin ibiltzea. Ez da txantxetako kontua beraz.

Erresuma Batuko The Guardian egunkariaren arabera, tratamendu pribatuak ia 60.000 euroko kostua du, eta zirujau batzuk 277.000 euro ere kobratzen omen dituzte bi hankak luzatzeagatik. 

Prozedura hau egiten dutenen inguruko munduko mailako estatistika gutxi dauden arren, merkatu ikerketak egiten dituen enpresa indiar baten arabera, 2030.urterako industria honek 7.38 bilioi euro inguruko balioa izan dezake.

Zer iruditzen zaizu? Hankak luzatzeko ebakuntza egingo al zenuke?