EZAGUTU 'HANDIA' ETA 'ERREMENTARI' FILMETAKO EFEKTU BEREZIEN SEKRETUAK
Huezinema Euskal Film Laburren jaialdia hasi berri da, eta lehiaketarekin batera, masterclass bat eskainiko dute
Drama FX enpresa donostiarra, euskal zinemagintzan azken urteotan egin diren filmen efektu berezien sortzailea HUHEZINEMA Euskal Film Laburren 11. edizioan izango da. Urtero bezala, jaialdiak zinemarekin lotura duen masterclass bat antolatu du eta aurten, Efektu Berezien Goya Saria irabazi dutela aprobetxatuta, Handia filma ekarriko dute.
Aukera paregabea da zinemaren magia eta trukoak bertatik bertara ezagutzeko. Drama FX 2008an sortutako enpresa da, eta edozein efektu berezi diseinatu eta sor dezakete, egoera bakoitzaren beharren arabera: armak eta inpaktuak; arte zuzendaritza, attrezzo eta dekoratuen eraikuntza; hegaldi efektuak eta efektu bereziak. Azken honetan euria, behe-lainoa, elurra edo sua sortzen trebeak dira.
Handia filmean egindako lanaz gain, martxoan estreinatu berri den Errementari filmeko efektu bereziak ere euren sinadura daramate. Horrez gain, beste film hauetan ere parte hartu dute: Morir, Operación Concha, Amama, Loreak, Lasa eta Zabala, Igelak, Urte berri on amona!…
Gaur, hilak 21, izango duzue zuzenean efektu bereziak zelan sortzen diren ezagutzeko aukera. Arratsaldeko 16:00etan hasi eta bi zatitan banatuko dute masterclass-a. Lehen zatia Aretxabaletako Arkupe aretoan izango da; bigarrenean, aldiz, enparantzara irtengo dira, 17:00etatik aurrera, ekintza praktiko eta parte hartzaile batekin. Bertan plato bat instalatu eta efektu berezien zuzeneko erakustaldi bat ekin girotuko dute arratsaldea. Masterclass-a eta ekintza praktikoa doakoak izango dira. Gerturatzen den edozein izango da zinema izar sortuko diren efektu bereziekin (sua, kea…), argazki eta bideoak egiteko aukera izanez. Traola hau sortu dute ekitaldi berezi honetarako: #huhezinemafx.
Animatu eta gerturatu zinemaren sekretuak bertatik bertara ezagutzera!