Hamasei kontzertu antolatu dituzte Bilboko metal eta pop-rock erakustaldian

Bilborock aretoan izango dira emanaldiak, bihar hasita.

Metal eta pop-rock erritmoz jantziko du hiria Bilbao Metal, Pop-Rock Erakustaldiaren 36. edizioak. Bihartik, larunbata, hilaren 26ra arte, estilo guztietako talde eta artisten hamasei kontzertu egingo dira.

Musika genero ugari izango dira erakustaldian, hala nola elektro popa, hip hopa, rapa eta swinga, blues-rocka, indie popa eta punka. Parte hartuko duten hamasei taldetatik zazpi dira emakumeekin osatutakoak, eta bostek dituzte euskarazko letrak. Jatorriari dagokionez, bost talde Bilbokoak dira, eta gainerakoak Bizkaiko beste herri batzuetakoak.

Hauek izango dira emanaldiak: abuztuaren 19an, Getxoko Pablo Rios eta Bilboko M&A Swing Machine; abuztuaren 20an, Barakaldoko Laztana Laztana eta Plentziako Noa Cliff; abuztuaren 21ean, Bilboko Cartel Filarmonico eta Xatiro; abuztuaren 22an, Bilboko Gonzalo Portugal Band eta Gorlizko Duobite; abuztuaren 23an, Getxoko Gildas eta Barakaldoko Los Retumbes; abuztuaren 24an, Lemoako Zelanda eta Gernika-Lumoko Supercremalleras; abuztuaren 25ean, Galdakaoko Calathea eta Gernika-Lumoko Bullets of Misery; eta abuztuaren 26an, Bilboko Lazka eta Bermeoko Elizabeltz.

Egun bakoitzeko lehen emanaldiak zortzietan hasiko dira eta bigarrenak bederatzietan, Bilborock aretoan.