Hamar film proiektatuko dituzte 'Zinema eta Zientzia' zikloan

Christopher Nolanen 'Oppenheimer' pelikula emango dute gaur Donostian eta Gasteizen.

Euskadiko Filmategiak, Donostia International Physics Centerrek (DIPC) eta Donostia Zinemaldiak elkarrekin antolatu dute zikloa,  kultura zinematografikoa eta zientifikoa zabaltzeko asmoz. Zazpigarren edizioak "dilema zientifiko sakonenetan" murgiltzera gonbidatuko du ikus-entzulea: "Robert Oppenheimer, Hedy Lamarr, Ignaz Semmelweis eta halako izenak bildu ditugu ziklo honetan, eta zinema klasikoa, garaikidea, fikziokoa, ez-fikziokoa eta animaziozkoa uztartu ditugu".

Hamar film emango dira, urtarriletik martxora bitartean, Gasteizko Artium Museoan, Donostiako Tabakaleran, Bilboko EHUren Bizkaia Aretoko Mitxelena auditoriumean, Iruñeko Golem Baiona zinemetan eta Donibane Lohitzuneko Le Sélect zineman. Proiekzioak 19:00etan izango dira. Gainera, hogei bat zientzialarirekin solasaldiak ere izango dira, askotariko gaien inguruan eztabaidatzeko, hala nola bonba atomikoa, adimen artifiziala eta biztanleriaren zahartzea. 

Zikloa gaur hasiko da eta Oppenheimer (Christopher Nolan, 2023) filma emango dute Gasteizen eta Donostian. Bilbon urtarrilaren 13an emango dute eta Iruñean urtarrilaren 16an. Pelikulak bonba atomikoaren sorreraren historia kontatzen du, eta baita aurkikuntza horrek eragin zituen dilemak ere. Filma Pedro Miguel Etxenike fisikariak aurkeztuko du eta, aurrez, 18;00etan, hitzaldia eskainiko du. 

Ignaz Semmelweis medikuaren figura nabarmentzen duen Semmelweis (André de Toth, 1940) ere emango dute. Prozedura antiseptikoen aitzindaria izan zen bera, eta XIX. mendearen erdialdeko komunitate medikoari aurre egin behar izan zion, erditu ondoren hiltzen ziren emakume askoren bizitza salbatzeko. Biztanleriaren zahartzearen auzia lantzen duen Plan 75 (Chie Hayakawa, 2022) ikusi ahal izango da, eta Hedy Lamarr Hollywood klasikoko antzezle eta ikertzailearen historia kontatzen duen Bombshell: the Hedy Lamarr story (Alexandra Dean, 2017) filma. 

Bi klasiko ere proiektatuko dira: bata, Out of Africa (Sydney Pollack, 1985), Meryl Streep eta Robert Redford protagonista dituen filma, basa bizitzaren handitasuna erakusten duena; eta, bestetik, Baby hezten (Howard Hawks, 1938), Katharine Hepburn eta Cary Grantek antzeztutako komedia. 

Honako lan hauek ere egitarauaren barruan daude: Vicente ArandarenTiempo de silencio, Luis Martín-Santos idazle eta medikuaren obra klasikoa; Ekaitz perfektua (Wolfgang Petersen, 2000); Mars Express (Jérémie Périn, 2023) animaziozko filma eta Werner Herzog zinemagile alemaniarraren Theater of Thought (2022). 

Programa osorik emango dute Donostian, Bilbon, Gasteizen eta Iruñean. Donibane Lohitzunen, berriz, La vie du Dr., Semmelweis,
Out of AfricaMars ExpressL’Imposible Mr. Bébé eta Oppenheimer ikusi ahal izango dira.

Filmak aurkezten arituko dira zientziaren alorreko hainbat lagun: Javier Aizpurua (DIPCko eta Ikerbasqueko fisikaria), Itziar Alkorta (EHUko biokimikaria), Amaia Bernaras (Euskadiko Parke Teknologikoko ingeniari informatikoa), Igor Campillo (Euskampuseko eta DIPCko fisikaria), Fernando Cossío (EHUko eta Ikerbasqueko kimikaria), Pedro Miguel Etxenike (DIPCko eta EHUko fisikaria), Aitzol García Etxarri (DIPCko eta Ikerbasqueko fisikaria), Maia Garcia-Vergniory (DIPCko eta Max Planck Institute for Chemical Physics of Solids-eko fisikaria), Miguel Angel Goenaga (Donostia Unibertsitate Ospitaleko medikua), Mari Luz Guenaga (Deustuko Unibertsitateko ingeniari informatikoa), Ane Insausti (Mubil Fundazioko-Gipuzkoako Foru Aldundiko telekomunikazio-ingeniaria), Ignacio Lopez-Goñi (Nafarroako Unibertsitateko mikrobiologoa), Maialen Martija (Euskalmet/Tecnaliako fisikaria), Idoia Mujika (EHUko CFM CSIC Materialen Fisika Zentroko kimikaria), Juan Ignacio Perez Iglesias (EHUko eta DIPCko biologoa), Onintze Salazar (Euskalmet/Tecnaliako fisikaria), Itziar Vergara (IIS Biogipuzkoako medikua), Rafael Yuste (Columbia University-ko neurobiologoa), Didier Roux (L’Académie des Sciences et des Technologies-eko fisikaria eta kimikaria) eta Ricardo Diez Muiño (DIPCko eta Ikerbasqueko fisikaria).

Sarrerak online eros daitezke eta baita proiekzio guneetako leihatiletan ere. Informazio guztia hemen kontsulta daiteke.

Ikasleentzako saioak
Ikastetxeei zuzendutako goizeko saioak ere izango dira Donostian, Bilbon eta Gasteizen. Mars Express (Jérémie Périn, 2023) proiektatuko da euskarazko azpitituluekin, eta Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Hitz ikerketa-taldeko Rodrigo Agerri eta Izaskun Etxeberriak aurkeztuko dute.