Hamar euskal talde, udako kontzertuetarako

Kutxa Kultur Musikak aukeratu ditu dagoeneko Igeldoko Jaialdian talde ospetsuekin joko duten hamar euskal musika talde gazteak; Mutürbeltz, Gora Gora Kids, Anai Arrebak, Lolas Club edota Naica dira horietako batzuk. Baina iraileko Kultur Kutxa Festibalean jotzeaz gain, udan hainbat kontzertu eskaintzeko aukera ere izango dute. Musikari bultzada ematea zen asmoa, eta oraingoz behintzat, emaitza bikaina izan da.


GinMusicak bigarren urtez luzatu zuen eskaintza: "Aukeratutako taldeekin festa bat egingo dugu eta udan batetik bestera eramango ditugu, kontzertuz kontzertu". Halako gozoki bati ezin ezetzik esan, eta berehala 60 taldek erantzun zioten. Horien artean hamar aukeratu dituzte, musika estilo eta giro ezberdinetakoak denak, eta egindako aukeraketarekin gustura daudela adierazi dute.

Talde bakoitzak bina kontzertu eskainiko ditu udan; batetik, guztiak arituko dira irailaren 7an eta 8an Donostiako Igeldo jolas-parkean egingo den Kultur Kutxa Festibalean. Love of Lesbian, Anari edota Russian Red bezalako taldeekin jotzeko aukera izango dute, eta estatu osotik nahiz atzerritik etorritako entzule andanaren aurrean igoko dira taula gainera. Halaber, asteburu horretan Kontxako Bandera eskuratzeko lehian arituko dira traineruak Donostian.

Bestetik, udan izaten diren musika ekimen anitzetakoren batean jotzeko beta ere izango dute, bakoitzak bere aldetik.


Aukeratutako taldeak


Mutürbeltz
Mikel Larretxe (SextySexers), Iñigo Agirrebalzategi (TheHotDogs!), Aitor Castillo (Plan B, Voggie Van) eta Eñaut Balentziagak (Kabul, Zura) osatutako taldea da Mutürbeltz. 2010 amaieran bildu ziren lehen aldiz, doinuak probatzen hasi ziren, eta urte honetan beren lehen lana grabatu dute, Amildegia Maite. Rock gogoz datoz gazteak.


Patta ta sendaezinak
2010. urtean, Jesus Sudupe Patta eta Luciano Martin Luka elkartu zirenean sortu zen Patta ta sendaezinak. Pixkanaka, Iker Arrazola, Itziar Beitia eta Iñigo Aranbarri ere batu zitzaizkien, eta denen artean Urola bailarako pop-rock tradizioarekin aurrera egitea lortu dute. 2011ko azaroan kaleratu zuten izen bereko lana, 80ko hamarkadako musika oinarri.

Gora Gora Kids
2008an elkartu ziren lau lankidek eman zioten hasiera Gora Gora Kidsi. Dibertigarriak dira taula gainean, mozorroz eta garage rock itsaskorrez beteriko kontzertuak eskaintzen baitituzte, eta pixkanaka izan bada ere, dagoeneko batetik bestera dabiltza Euskal Herri osoan. Horror Songs bigarren lana kaleratu berri dute, eta internetetik jaitsi daiteke.

Lolas Club
Talde donostiarrak Uno izeneko lehen lana kaleratu berri du otsailean. 2004an sortu zen Lolas Club, eta Donostia Hiria lehen lehiaketa irabazi zuten Es solo rock&roll bost kantaz osaturiko demoarekin. Urte guzti hauetan batetik bestera ibili dira, eta indarra hartu dute Euskal Herriko zein estatuko eszenatokietan.

Correos
2009an Donostia Hiria Pop-Rock lehiaketako irabazleak izan ziren, eta handik bi urtera kaleratu zuten beren lehen diskoa, No es lo que parece. Hedabideetan eta jaialdietan izena hartu du Correosek, eta beren rock arina ez da oharkabean pasatzen.

Inra
Letra konprometituak eta autore musika eskaintzen ditu Inrak, Nacho Vegasen estilora jotako kantetan.

Giranice
Ildo oso ezberdineko musikariak bilduta sortu zen Giranice, eta rockean oinarritutako gitarraren gainetik biolinak eramaten du melodia. Bost kantako albuma grabatu dute, izen bereko izenburuduna.

Peachy Joke
Talde tolosarrak ez du etenik. Iaz argitaratu zuten Asian Tiger Mosquito hirugarren lana, Montrealgo Hans estudioetan grabatua, eta estatu osoan dabiltza kontzertuak eskaintzen. 60. eta 70. hamarkadetako musika estiloa da Peachy Jokena, eta jendeak ezin hobeto erantzun die haien proposamenei.

Naica
Taldea New Yorken jaio zen 2010ean, Naia Mandaluniz eta Carlos Noain elkartu zirenean. Baina handik itzulitakoan taldea handitu egin zen, eta boskotzea da Naica dagoeneko. Pop estiloa da beraiena, eta kontzertuak jotzeko asmoz dabiltza.

Anai Arrebak
Pasaitarrak indarrak hartuta iritsiko dira Burlatara. Izan ere, Anai Arrebak taldeak irabazi du Euskal Herria Zuzenean lehiaketa, eta otsailean aurkeztu zuten beren lehen bideoklipa, Maite zaitut, ez. Matxet eta konpainiak beren electro rock bereizgarria entzunaraziko dute.