Hamalau saio izango ditu Bertsolari Txapelketa Nagusiak, irailaren 24an Getxon hasita
Saioetarako sarrerak salgai daude dagoeneko, tartean abenduaren 18an Iruñean jokatuko den finalekoak.
Getxon, Arrasaten, Gotaine-Irabarnen, Gasteizen, Donostian, Lizarran, Elizondon, Donibane Garazin, Irunen, Durangon, Amurrion, Baionan, Bilbon eta Iruñean izango dira 2022ko Bertsolari Txapelketa Nagusiko saioak. Sei saio izango dira lehen fasean: irailaren 24an hasita, bina saio jokatuko dira astebururo. Zazpi finalaurreko izango dira jarraian: asteburuko saio bat jokatuko da, larunbatero. Eta azkenik, abenduaren 18an finala izango da Iruñeko Nafarroa Arenan.
Getxon abiatuko da txapelketa irailaren 24an eta honako bertsolari hauek arituko dira kantuan: Agin Laburu Rezola, Eneko Lazkoz Martinez, Nerea Elustondo Plazaola, Oihana Bartra Arenas, Peru Abarrategi Sarrionandia eta Unai Mendizabal Jauregi. Hurrengo egunean ere saioa izango da, Arrasaten. Bertan Asier Azpiroz Iztueta, Iñaki Apalategi Astigarraga, Joanes Illarregi Marzol, Miren Amuriza Plaza, Saioa Alkaiza Guallar eta Xabier Silveira Etxeberria arituko dira bertsotan.
Hurrengo hitzordua Gotaine-Irabarnen izango da urriaren 1ean eta hauek izango dira protagonistak: Alaia Martin Etxebeste, Ane Labaka Mayoz, Julio Soto Ezkurdia, Nerea Ibarzabal Salegi, Oihana Iguaran Barandiaran eta Patxi Iriart Hiribarren. Biharamunean, urriaren 2an, Gasteizen izango da saioa, Amaia Iturriotz Etxaniz, Haritz Mujika Lasa, Iban Urdangarin Lardizabal, Manex Agirre Arriolabengoa, Miren Artetxe Sarasola eta Xabat Galletebeitia Abaroa bertsolariekin.
Donostiak ere hartuko du saioa urriaren 8an. Victoria Eugenia Antzokian arituko dira bertsotan Aitor Etxebarriazarraga Gabiola, Beñat Iguaran Amondarain, Eñaut Martikorena Lizaso, Jone Uria Albizuri, Maddalen Arzallus Antia eta Onintza Enbeita Maguregi. Hurrengo egunean Lizarran bilduko dira bertsozaleak, Aitor Bizkarra Ruiz, Gorka Pagonabarra Agorria, Imanol Uria Albizuri, Iñigo Mantzisidor Larrañaga 'Mantxi', Maialen Akizu Bidegain eta Unai Gaztelumendi Arandia bertsotan entzuteko.
Ondoren, finalaurrekoak izango dira eta bertan kantatuko dute final laurdenetan sailkatutako bertsolariek eta aurreko txapelketan finalean aritu eta aurtengorako izena eman dutenek, Maialen Lujanbio txapeldunak izan ezik, azken honek zuzenean finalean kantatuko baitu. Hauek izango dira hitzorduak: Elizondon, urriaren 22an, Unai Agirre Goia tartean; Donibane Garazin, urriaren 29an, Amets Arzallus Antia kantuan arituko denetako bat; Irunen, azaroaren 5ean, Sustrai Colina Acordarrementeria bertsolarietako bat; Durangon, azaroaren 12an, Aitor Mendiluze Gonzalez eta Beñat Gaztelumendi tartean; Amurrion, azaroaren 19an; Baionan, azaroaren 26an; eta Bilbon, abenduaren 3an. Amaitzeko, Iruñeko Nafarroa Arenan jokatuko da finala abenduaren 18an, Maialen Lujanbio eta beste zazpi bertsolarirekin.
Sarrerak salgai gaurtik aurrera
Saio guztietarako sarrerak www.bertsosarrerak.eus atarian daude. Nafarroako Bertsozale Elkartearen egoitzan finalerako sarrerak saltzeko leihatila zerbitzua ere eskainiko da, 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 18:00etara bitarte, ekainaren 23tik 30era, asteburuan izan ezik. Bestetik, epe horretan, gaurtik hilaren 30era, finalerako sarrera bermatuta izango dute Bertsozale Elkarteko bazkideek.