Hamalau ikuskizun izango dira Ibilki programan, otsailetik ekainera

Iparraldeko zazpi herritan gauzatuko dira egitarauko ekintzak.

Euskal Kultur erakundeak Iparraldean izaten den Ibilki programa jarri du martxan beste behin, bertako zenbait herriren partaidetzarekin. Honen helburua euskal ikuskizunei ikusgarritasuna eta zabalkundea ematea da. Ipar Euskal Herriko ikusgarri geletan eta plazetan, euskal kulturaren kalitatea, bizitasuna eta aniztasuna ezagutzeko parada eskaini nahi du.

Orotariko hamalau bat ekintza antolatu dituzte otsailetik ekainera bitarte: musika, dantza, antzerkia, bakarrizketa... Honako herri hauetan izango dira emanaldiak: Baionan, Ziburun, Urruñan, Azkainen, Hendaian, Maulen eta Donibane Lohizunen.

Lehen ekintza otsailaren 11n izango da, Hendaian. Beatriz Egizabalek Magma mia bakarrizketa eskainiko du. Bakarrizketa honetan patriarkatuak egunerokotasunean gure gorputzetan duen eragina aztertzen da, adin ertaineko emakume baten ikuspegitik eta umorez. 

Txotxongilo emanaldia izango da hurrena, Anita Maravillasen Andereño. Hauxe da ikuskizunaren nondik norakoa: "Andereño ausarta, trebea eta atsegina da. Gai da haurren gaitasunak ikusteko, guzti-guztienak. Andereñok eta umeek eskola eder bat eraiki dute basoan, animalia guztientzako lekua duen eskola bat. Andereñok gehien maite duen hitza askatasuna da, eta, horregatik, bere ikasleak askatasunez haztea nahi du. Zoritxarrez, nagusiek gerra bat hasiko dute, eta, ondorioz, gure protagonistek atzean utzi beharko dute gogo biziz amestutako eskola…". Otsailaren 23an izango da emanaldia, Ziburun.

Honako hauek ere izango dira egitarauan: Elirale konpainiaren eta Pantxika Telleriaren Mamuka; Ane Pikaza eta Gheadaren Mundu guztietan onena; Itzuli konpainiaren Erromako zubia; Hairaren kontzertua; Pantxika Telleria eta Elirare konpainiaren Fuga; Txikiren Euskaldunen jatorria, historia eta irria bakarrizketa; Ahatik konpainiaren Errimak; Bat Egin eta Alabenaren Loratzen; Eliralen O!; Pontx pailazoaren Gelara; Alabena konpainiaren Flipluf; eta Alabena konpainiaren Izakiak

Egitarauaren inguruko xehetasunak hemen kontsulta daitezke. Uztailetik aurrera hasiko den programaren bigarren zatia ere prestatzen ari dira.