'Hamaika entzuteko!' irrati-piezen lehiaketan parte hartzeko epea zabaldu dute
Bost minutu arteko piezak bidali beharko dira azaroaren 24ra arteko epean.
Donostia Kulturak eta DK Irratiak Hamaika entzuteko! irrati-piezen lehiaketaren zortzigarren edizioa antolatu dute. Lehiaketa honek irrati-pieza labur eta originalen ekoizpena eta hedapena bultzatzea du helburu.
Parte-hartzaileek bost minutu baino gutxiagoko piezak aurkeztu beharko dituzte, euskaraz edo gaztelaniaz. Gaia guztiz askea izango da, eta edozein motatako pieza izan daiteke: irrati-fikzioa, irrati-kazetaritza, erreportajea, dibulgazioa... Audioak originala, ez-komertziala, irratian emititu gabea eta beste sariketetan saritu gabea izan beharko da.
Donostia Kultura Irratiak parte-hartzaileen eskura jarriko ditu bere estudioak eta baliabideak, eta aurkezteko irrati-pieza bertan grabatzeko eta editatzeko aukera eskainiko du, hala nahi izanez gero.
Irrati-piezak dkirratia@donostia.eus helbidera bidali behar dira azaroaren 24ra bitarte. Aurkeztutako lanaren originaltasuna, sormena eta interesa izango ditu kontuan epaimahaiak. Irrati pieza onenak 800 euro jasoko ditu eta euskarazko audio onenak 600. Sari banaketa abenduan egingo dute.
Zalantzarik izanez gero, dkirratia@donostia.eus email helbidera idazteko jakinarazi dute antolatzaileek. Iazko pieza sarituak hemen entzun daitezke.
