'Haize-lekuak' eleberriak jaso du Zilarrezko Euskadi Saria
Amaia Telleria idiazabaldarraren lehen liburuari egin diote aitortza Gipuzkoako Liburu Saltzaileek.
Aurreko urtean argitaratu eta "merezi duten babesa jaso ez duten" liburuak saritzen ditu Gipuzkoako Liburu Saltzaileen Elkarteak. Gainera, argitaletxe independenteetan kaleratutako lanak izaten dira batik bat Zilarrezko Euskadi Saria jasotzen dutenak. Aurtengoan Amaia Telleria (Idiazabal, 1993) idazle gaztearen Haize-lekuak lehen eleberria aukeratu dute euskarazko literaturan.
Mikele da Telleriaren liburuko protagonista, 13 urterekin jaiotetxea utzi eta Altsasura neskame lanera joango dena, Reparaztarren etxera. Han bizimodu ezberdina topatuko du eta kontraste handiko mundua agertuko zaio begi aurrean: alde batetik, baldintza erosoagoetan bizi den familia gertutik ezagutuko du eta, bestetik, Gerra Zibilak eragindako iluntasun, tragedia eta miseriaren berri izango du. Testuinguru horretan hazten eta heltzen ari den neskato baten bizipenak dira, ordura artekoarekin eten nahi ez duena, baina aurrera egin behar duena. Eskolan ikasitakoek besteko balioa izango dute ikaskide, neskame zein herriko beste bizilagunen bidez jasoko dituen irakaspenek.
Telleriak bere amonaren bizipenekin eta dokumentazio lan sakonetik ateratakoekin jantzi du fikzioa. Liburu saltzaileek jakinarazi dutenez, amonaren bizipenek "oso ikuspegi pertsonal eta hunkigarria" ematen diote kontakizunari. "Garai krudeletan itzalean izan ziren emakumeen testigantzei merezi duten espazioa ematen dion nobela da", azaldu dute.
Gaztelaniazko saria, berriz, Jon Bilbao (Ribadesella, Espainia, 1972) idazlearen Basilisco liburuak jaso du. Lanarekin konforme ez, eta Kaliforniara joango den ingeniari baten istorioa kontatzen du liburuak. Bertan, bere bizitza aldatuko duten bi pertsona ezagutuko ditu, haietako bat ehun urte lehenago hil bazen ere.
Egunotan martxan den Literaktum Donostian jaialdiaren barruan iragarri dituzte saridunen izenak, eta abenduaren 2an jasoko dute saria.