Hainbat hizkuntzatako lanak Berria egunkariaren udako narrazioetan

Euskaraz gain, katalanez, valentzieraz, gaelikoz eta galegoz idazten duten idazleen testuak izango dira. Euskaldunen artean, Juan Luis Zabala, Yurre Ugarte eta Uxue Apaolazak hartuko dute parte.

Udako narrazioak izenburupean argitaratuko dute aurten Berria egunkariak igandero kaleratzen duen narrazioen atala, eta hainbat herrialde eta hizkuntzetako idazleen sormen lanak eskainiko ditu. Aurtengo berrikuntza gaelikoz idazten duten hiru idazleren parte-hartzea izango da. 

Juan Luis Zabalak eman zion hasiera atalari joan den igandean, eta Yurre Ugarte eta Uxue Apaolazarenak izango dira argitaratuko diren euskal idazleen gainerako testuak. Zabala ezaguna da Berria egunkarian egindako lanagatik eta baita itzultzaile eta idazle lan oparoagatik ere. Ugarte idazlea eta gidoilaria da eta hainbat genero jorratu ditu: narrazioa, antzerkia, haur literatura, telebista eta zinemarako gidoiak... Apaolaza hernaniarrak Umeek gezurra esaten dutenetik ipuin-liburua kaleratu zuen 2005ean, Frantzisko Xabierkoaren biografia ondu zuen gero, eta 2011n Mea Culpa nobela plazaratu zuen, Igartza Saria irabazi ondotik. 

Katalanez edo valentzieraz idazten dutenen artean, berriz, Neus Canyelles, Anna Gas eta Raquel Ricart arituko dira. Canyellesek Neu d'agost. Un llibre de memòries lanarekin hasi zuen ibilbidea. Psikiatriko batean bizitakoa kontatu zuen Les millors vacances de la meva vida (2019) lan txalotuan, eta aurten argitaratu du Autobiografia autoritzada. Gas gaztetatik hasi zen ipuinak idazten, eta zenbait literatura sari jaso zituen. 2017an argitaratu zuen lehen poesia bilduma, Crossa d'aigua; 2019an Llengua d'àntrax kaleratu zuen; eta aurten El pèndol eman du. Ricartek jorratu dituen generoen artean daude, besteak beste, narrazioa, eleberri beltza eta gazteentzako eleberria. Gainera, hainbat sari jaso ditu.

Idazle galegoen lanak ere izango dira udako narrazioetan, Andrea Barreira, Anxos Sumai eta Maria Reirenak hain zuzen ere. Barreira komunikazioan aditua da. 2015ean Non hai luz sen escuridade gazteentzako eleberria argitaratu zuen, eta beste bi lan idatzi ditu: Que pode saír mal? eta Palabra de bruxa. Sumai dokumentalgilea, itzultzailea eta idazlea da. Narratiba eta saiakera liburuak eta itzulpenak argitaratu ditu, eta lan kolektiboetan ere parte hartu du. Reik irakaskuntzarekin lotutako liburuak idatzi ditu, eta iaz argitaratu zuen bere lehen eleberria, Flores de ferro.

Aurten ere ilustrazio batek lagunduta argitaratuko da testu bakoitza. Joseba Beramendi Exprai-k jantziko ditu euskarazkoak; Alex Rozadosek galegozkoak, eta Tere Guixek katalanezkoak.

Azken urteotako elkarlanarekin jarraituz, Galiziako Noos, Kataluniako Vilaweb eta Irlandako Belfast News izango ditu bidaide. Gune bakoitzean jatorrizko testuak argitaratuko dira eta euren hizkuntzan ez daudenak, itzuli egingo dira, Berria egunkarian bezalaxe.