Hainbat bertso saio izango dira datozen egunetan Iparraldean

Hiru saio izango dira asteburuan bertan, Saran, Baionan eta Donamartirin.

Lehen hitzordua Saran izango da bihar, ostirala, 20.00etan, Xokobi berria etxean. Bertan Amets Arzallus eta Sustrai Colina arituko dira bertsotan, afariaren bueltan, Bertsularien Lagunak antolatuta. 

Egun berean, 19:00etan, gazteak plazara ateratzea helburu duen Haizea dator ekimenaren barruko saioa izango da Baionako Epaiska elkartean. Oihan Perez, Aiantze Lannes, Uxue Lannes, Xanti Lacroix, Maddi Sarasua eta Patxi Iriart bertsolariek hartuko dute parte. 

Larunbatean, berriz, hilaren 25ean, Arberoa ikastolaren aldeko bertso afaria izango da Nafarroa Behereko Donamartirin. Amets Arzallus eta Nerea Ibarzabal arituko dira bertsotan, eta 19:00etan elkartuko dira Herriko gelan.

Martxoan ere hainbat saio
Baionan bertso bazkari musikatua egingo dute martxoaren 4an, 14:00etatik aurrera. Aperitifa Epaiska elkartean izango da eta bazkaria Züzülü elkartean. Amets Arzallus eta Aitor Bizkarra arituko dira bertsotan, eta Aner "Euzkitze" eta Libe Goenaga musikarekin laguntzen. 

 

Hurrengo hitzordua martxoaren 5ean izango da Senpereko Larreko gelan, Herri Urratsen harira. 2022ko Bertsolari Txapelketa Nagusiko 8 finalistak izanen dira eszena gainean, 16:00etatik aurrera: Maialen Lujanbio, Amets Arzallus, Nere Ibarzabal, Aitor Mendiluze, Beñat Gaztelumendi, Joanes Illarregi, Alaia Martin eta Sustrai Colina. Helduentzat sarrera 12 eurotan izango da eta haurrentzat 6 eurotan. Sarrerak Baionako Elkar dendan edo Herri Urratsen webgunean eskura daitezke.