Txakurrei hitz egiten diegunean haien burua okertzeko duten joeraren arrazoia

Helarazi nahi diotena hobeto ulertzeko modua da antza, komunikazio egokirako baliabidea.

Txakurrek, gizakien ahotsa entzutean, burua alde batera okertzen dutela konturatu izan al zara? Adituen ustez, txakurrek entzumen bidezko estimuluak prozesatzeko duten moduarekin loturik dago. Batez ere hitz gakoak edo ahotsaren tonua identifikatze aldera.

Adituen ustetan, egokitzapenerako mekanismoa da eta mugimendu horrek soinuen kokapen espazialari eta ulermenari mesede egiten dio. Hitz gehiagoren ezagutza duten txakurrek maizago okertzen omen dute burua, eta hori prozesamendu kognitibo aurreratuaren adierazlea izan omen liteke.

Hungarian egindako ikerketa batean ondorioztatu zuten aginduei edo objektuen izenei zuzen erantzuten zieten txakurrak burua gehien makurtzen zutenak zirela. Beraz, keinu horrek entzumen-memoriarekin eta kontzentrazioarekin zerikusia izan dezake.

Arreta handiagoa edo igorlearekiko enpatia ere irudika dezake, ahots tonu samurren edo ahots amultsuen aurrean burua okertu ohi baitute. Baita etxekoen ahotsean emozioa sumatutakoan ere.

Ikusmenak ere badu zeresana ordea. Izan ere, burua okertzeak muturra haien ikuseremutik ateratzeko balio die. Hartara, hitz egiten ar denaren ahoa eta aurpegiko keinuak hobeto ikus ditzakete hark esan nahi duena zuzen ulertzeko asmoz.

Bestetik, txakurra hala ikusteak samurtasun handia eragin dezake gizakiongan, eta irribarre, maitasun keinu edo laudorioekin erantzun dezakegu egoera horren aurrean. Erreakzio hori ikusita, txakurrak jokabidea gehiago errepika dezake.

Dena den, testuinguruari arreta jartzea ere komeni dela ohartarazi dute albaitariek. Izan ere, ziur asko aipatutako guztiarekin zerikusia izango duen arren, belarriko edo nerbio-sistemako arazoren bat izan lezake txakurrak. Hortaz, burua oker mantentzen duela, zeharka dabilela, edota oreka galtzen duela ikusiz gero, onena albaitariarena joatea izango da, ezer ote duen jakiteko.