
Hackerrak adarrak oker?
Joera handia dago hacker hitza ezaugarri negatiboekin lotzeko: pirata, sarkina, lapurra… zenbat zakurkeria esan ote ditugu hackerren kontura! Errealitatea oso bestelakoa da: hackerrek zerikusi gutxi izan ohi dute jarrera horiekin.
Hacker hitzak hainbat zentzu ditu, baina zentzu zabalean, hauxe esan nahi du: zerbaiterako grinak edo gogoak bultzatuta, oso gauza interesgarriak egiteko gauza den pertsona horri esaten zaio hacker. Internet, informatika eta teknologiaren alorrean, hackerrek ondoko ezaugarriak izaten dituzte normalean:
•
Ezagutza librean oinarritzen dute euren lana; informazioa modu askean jaso eta zabaltzeko eskubidea defenditzen dute, beraz.
•
Interes handia izaten dute software librea eta segurtasun informatikoaren inguruan.
•
Gogo handia izaten dute ikasteko eta irakasteko.
•
Jarrera sozial askatzailea defendatzen dute. Beraz, faxismoaren, alienazioaren eta ustelkeriaren aurka egin ohi dute, eta berdintasunaren eta adierazpen askatasunaren alde.
Hacker kulturaren adierazgarri den (http://www.catb.org/hacker-emblem) sinbolo bat ere badago. Sinbolo honek Bizitzaren jokoa (http://www.bitstorm.org/gameoflife/) izeneko bizitzaren simulazio-jokoaren hasierako posizioa erakusten du.
Webgune interesgarriak
•
Hacker etika (The Hacker Ethic): Pekka Himanen-en liburu interesgarri honek hackerren lan egiteko era eta izaerak definitzen ditu. Gazteleraz, behintzat, oso-osorik eskura dezakezue sarean (http://diseno.puj.edu.co/nuevosmedios/pdf/hack.pdf).
•
Marrapuntu: Hacking, informatika, segurtasuna eta teknologiari buruzko berri interesgarriak jasotzen dituen web gunea(http://marrapuntu.org/).
•
Hackingbadakigu: Informatika gogoko duen hacker talde batek osatutako elkarte herritarra da (http://hackinbadakigu.wordpress.com/).
•
Indymedia Euskal Herria: Jendeak era parte hartzailean sortutako informazioa jasotzen du. Hacktibismo ekimen zabal baten barnean, informazio askea sustatzeko helburuarekin jaio zen Indymedia (http://euskalherria.indymedia.org).
•
Librezale: Software librean lan egiten duen bolondres talde bat da. Programak itzultzen dituzte, dokumentazioa sortu, software librea sustatu eta abar (http://librezale.org).
•
Alephandria: Hacktibismoarekin loturiko dokumentu, audio eta bideoen biltoki handia da. Gai hauetan murgildu nahi baduzue, oso testu interesgarriak topatuko dituzue bertan (http://www.sindominio.net/metabolik/alephandria/).
HARRITU GAITU
Emakumeen aurkako erasoak: Hedabide batzutan egunerokoak dira emakumeen aurkako erasoak. Hona hemen hizkuntza eta trataera lotsagarri horien adibide garbi bat, La opinión de Zamora egunkarian argitaratutako “Las mamografías de Cañete, el doctor No y otros peligros de muerte” (http://www.laopiniondezamora.es/secciones/noticia.jsp?pRef=2161_12_255547__Opinion-mamografias-doctor-otros-peligros-muerte).
KATXONDOENA
The Fail blog (http://failblog.wordpress.com/): Blog honetan hamaika argazki eta egoera bitxi topatuko dituzue. Fail hitzarekin jolasean, oso irudi dibertigarriak erabiltzen dituzte. Barrez lehertzeko modukoa!
INFORMAZIO BILA
Irrika kazeta (http://www.irrika.net/): Elhuyar fundazioak sortutako aldizkaria doan banatuko dute Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko ikastetxetan. Aldizkariak webgunea ere badu.