Gutun Zuria: Naturara itzultzea. Utopia literarioa ote?
Aurkeztu dute Gutun Zuria literatur jaialdia: apirilaren 23tik 29ra bitarte, Bilboko Azkuna Zentroan aurkituko dituzu Manuel Rivas, Maja Lunde, Lars Mytting, Bernardo Atxaga, Hasier Larretxea eta Cesar Aira idazleak!
Apirilaren 23tik 29ra bitartean, Gutun Zuria Bilboko Letren Nazioarteko Jaialdiaren XI. edizioa izango da Azkuna Zentroan. 'Naturara itzultzea. Utopia literarioa ote?' titulupean, jaialdiak literatura garaikideko idazlerik ospetsuenak bilduko ditu berriz.
Naturaren defendatzaile unibertsala eta Walden eta Desobedientzia zibila lanen egilea izan zen Henry David Thoreau jaio zela berrehun urte betetzen direnez, jaialdiak hausnarketa piztu nahi du, naturarekin harremanean egoteko eta ingurunearekin oreka bilatzeko beharraz, eta galdutako paradisua balitz bezala natura basatira itzultzeko joeraz.
Hala, naturaren eta literaturaren arteko lotura duten idazleak gonbidatu dituzte: Manuel Rivas, Maja Lunde, Lars Mytting, Bernardo Atxaga, Hasier Larretxea, Ixiar Rozas, Aingeru Epaltza, Juanra Madariaga, Terry Tempest Williams, Cesar Aira eta Maider Lopez. Hitzaldiak eskainiko dituzte arratsaldeetan, Azkuna Zentroko auditorioan; ondoren, irakurleek haiekin solasean aritzeko aukera izango dute.
Aurten, gainera, kapitalismoan eta metaketan oinarritutako egungo gizarteari egindako kritika jarriko dute mahai gainean, eta, aldi berean, egungo gizakiari gonbita egingo diote itxuraz ezkutatuta dagoen zoriontasunaren bila abiatu dadin.
Inaugurazioko ikuskizuna
Aurten, Natalia de Miguel (Bilbo, 1986) koreografoaren Clara piezarekin inauguratuko dute jaialdia. Bilboko artistak Azkuna Zentroaren dantza garaikideko egonaldian egin duen lanaren emaitza da obra. Emanaldian, laborategi kliniko batean barneratuko dira ikusleak; lekuz aldatutako gorputz bat espiritu galdu baten bila ibiliko da.
Gutun Zuria Gaztea
Gutun Zuria jaialdia gazteengana hurbilduko da literatura-sorkuntzako tailer batekin. Tailerra ikastetxeekin hitzartuko da.
Menhir Instalación 0: Instalazio interaktiboa eta performancea
Jaialdiarekin batera, Kulturen Atarian egongo den Menhir Instalación 0 gonbidapen bat da hirikoak ez diren lurraldeak esploratzeko, musika erabiliz, ikus-entzuleen eta mendiaren artean harremana ezartzeko. Iván Cebrián musikariak eta Coco Moya artista bisualak sortu duten proiektu honek paisaia esploratzen du instalazio-instrumentu interaktibo baten bidez.
Gehiago jakiteko gogoz? Bisitatu GUTUN ZURIA.