Gure paraje ezezagunak

Gorbeia, Aizkorri, Hiru Erregeen Mahaia... eta beste hamaika, tontor aski ezagunak dira euskal mendizaleon artean. Hala ere, badira gure ingurunean hain famatuak ez diren beste hainbat gailur zoragarri. Oraingoan, Euskal Herriko tontor ezezagun horien berri eman nahi dizuegu.


Euskal Herriak beti izan du lurralde menditsuaren fama; hala baita, izan ere. Baina, sarri, mendira joaten garenean, mendi tontor "ospetsuak" aukeratzen ditugu. Hala ere,  badira beste hainbat tontor ezezagun, eta baita, tontor horietara nola iritsi azaltzen duten hainbat gida ere. Erreportaje honetan, herrialdez herrialde abiatu, eta  horietako bakoitzean mendi tontor ezezagun bana aukeratu dugu. Irtenaldietarako aukera frango izango dugu, beraz.

ZUBEROA

Zuberoa hego-ekialdean, Santa-Grazi eta Larrañe arteko tontor bat aukeratu dugu: Txardekagaña (1.893 metro). Igoera gogor samarra da, eta bidezidorrak ere nahiko malkartsu eta galduak ditu. Bidean, Olhadibia eta Olhado errekek higaturiko Holtzarteko arroilaren gainetik igaroko gara. Arnasestuka helduko gara tontorrera, baina ahaleginak merezi du. Izan ere, tontorretik, aurrez aurre ikusiko dugu Holtzarteko zubiak eta bi arroilen elkargurutzeak osaturiko paraje ederra. Bide luzea da, bost ordu behar baitira Holtzarteko aparkalekutik Txardekagaina tontorreraino.

LAPURDI

Lapurdin, berriz, bertako eskalatzaileen artean oso ezaguna den mendi tontorra aukeratu dugu: Arronamendi edo Mondarrain (749 m). Tontorrak, kuartzitazko harkaitzek izan ohi duten itxura berezia hartu du. Horrexegatik, inguruko eskalatzaile ugari joan ohi dira Arronamendira. Dena den, tontorrera igo ahal izateko, ez da aparteko ezaguera teknikorik behar, mendi erraza baita. Bidea erraz eta ongi markatua dago. Ezpeletatik abiatuta, ordubete eta 45 minutu behar dira tontorrera iristeko.

NAFARROA

Nafarroa Beherean, Nafarroa Garaiarekin mugan, Orreagako pasabide naturala topatuko dugu. Bertan, euskal historiaren pasarte miresgarri ugari gertatu dira. Guk, pasarte historiko horietako bat gogoraztearren -778. urteko abuztuko Orreagako guda, hain zuzen-, Astobizkar (1506 m) tontorra aukeratu dugu. Nafarroa Behereako Arnegi herritik abiatuta, 4 ordu eta erdi beharko ditugu Astobizkarreko tontorrera heltzeko. Ibilbide luze eta malkartsua da, eta Arnegitik tontorrera, 1.200 metroko garaiera-aldea dago. Beraz, sasoian egotea komeni da. Hala ere, tontorretik Luzaideko bailara osoa ikusi ahal da, eta bista horrek merezi du izerdi pixka bat bota izana.

Eta Nafarroa Behereatik, abia gaitezen Nafarroa Garaira. Astobizkar mendia igotzeko aukeratu dugun astebukaera berean, Urkulu tontorra (1.420 m) ere egin dezakegu. Urkulu Aezkoako bailaran dago, Astobizkar tontorrarekin mugan. Ibilbidea Orbaitzetako armaolatik hasiko dugu, Irati basoaren mendebaldeko mugan. Paraje paregabeak dira, eta gure historiaren aztarna ugari ikus daitezke bertan. Izan ere, Urkulu hego magalean, Soraluze izeneko lautadatxo bat dago, aztarna prehistoriko ugarirekin: hilarriak, cromlechak… eta Arnostegi magalerako bidean, trikuharri bat ere topatuko dugu. Tontorrean, erromatarrek garaipen baten oroigarri gisa eraikitako dorre baten aztarnak daude. Orbaitzetako armaolatik Urkuluko tontorrera heltzeko, 3 ordu behar dira.

GIPUZKOA

Itsasertzera gerturatuz, Deba eta Mutriku herrien hegoaldean, Arno (610m) mendi tontorra aukeratu dugu. Gipuzkoa eta Bizkaia arteko harkaitzezko baso honetan, Euskal Herriko artadirik ederrenetariko bat topatuko dugu. Bertatik, Mutrikuko Olatz nekazaritza auzoa ikus daiteke, mendi gailurrez inguratua eta bakartua. Era berean, antropologiazalek Ameikutzeko hilarria aurkituko dute Arno mendian. Bide motza da Arno tontorreraino: ordu eta erdi, edo bi ordu inguru beharko ditugu.

BIZKAIA

Urduña inguruetan, Garobel edo Salbada mendikatea dago. Lautadari muga jartzen ari balitzaio bezala, mendikate ikusgarria da, eta mendikatearen erdian, Tologorri edo Iturrigorri (1.066m) tontorra ikus daiteke. Behetik behatuta, harkaitzezko orratza dirudi Iturrigorrik. Hala ere, igotzeko inongo zailtasunik ez du, orratzaren atzealdea belardi zabala baita. Lendoñotik abiatuta, bi ordu besterik ez dira behar tontorrera heltzeko, baina bide gogorra eta ikusgarria da. Tontorretik, Euskal Herriko haranik ederrenetariko bat ikus ahal dugu: Aiarako harana.

ARABA

Araba hego-ekialdean, arabar Errioxari iparraldean muga jarriz, Toloñoko mendizerra dugu, Kantauriar mendikatean. Bertan, Toloño (1.271m) tontorra dago. Bastidatik abiatuta, 2 ordu eta 40 minutu behar dira Toloño tontorrera iristeko. Bide erraz eta ikusgarria da. Arabako lautadaren ikuspegi paregabea izango dugu Toloñotik, eta baita Errioxako mahasti eta ardotegi gehienen ikuspegi berezia ere.