Gure Monetak billeteen itxura erabakitzeko galdetegia zabaldu du

Pertsonaia bat, animalia bat, zuhaitz edo landare bat, leku bat eta ikur bat proposatu dezakete herritarrek.

Gure Moneta proiektuak aurrera darrai eta urte amaiera aldera Oarsoaldean eta Baztanen erabili ahal izango dute bertako dirua, etorkizunean Euskal Herri osoan erabiltzeko asmoz. 

Tokiko monetaren lehen billeteak diseinatzen hasi dira, baina herritarren iritzia kontuan izan nahi dute. Hauxe da buruari eragiteko egin dituzten galderak: "Zer irudikatu nahiko zenuke billete horietan? Zein elementuk ordezkatzen dute, zure ustez, zure hurbileko lurraldea eta Euskal Herri osoa?".

Dirua lehendabizi Baztanen eta Oarsoaldean erabiliko dutenez, eskualde horietako biztanleek diseinu propioak izango dituzte. Hori dela eta, galdetegiko parte hartzaileek nongoak diren zehaztu beharko dute: Baztangoak, Oarsoaldekoak edo Euskal Herriko beste nonbaitekoak. 

Billete bakoitzak elementu bat izango du: Euskal Herriko pertsonaia bat, animalia bat, leku edo paisaia bat, ikur bat ala zuhaitz edo landare bat. Beraz, herritarrek ere bost horien inguruko proposamenak egingo dituzte galdetegia betetzerakoan. Bi eta bost proposamen artean idatz daitezke alor bakoitzean.

Proposamen guztietatik sei aukeratuko dituzte Baztanerako, sei Oarsoalderako, eta beste sei Euskal Herriko beste lekuetarako. Billeteek bat, bi, bost, hamar, hogei eta 50eko balioa izango dute.

Bozketan parte hartzeko galdetegia online bete daiteke, irailaren 12ra bitarte.