Gure izena entzuteak eragiten diguna

Gure izena entzutean erabateko arreta jartzeaz gain, psikologikoki ere hainbat sentsazio sortzen dizkigu.

Gure izena entzuten dugunean, erreakzio berezia izaten da gure baitan. Autoerrekonozimendu eta arreta zirkuituak aktibatzen dira, baita toki jendetsu eta zaratatsuetan bagaude ere. Psikologikoki konexio gizatiarragoa sortzen da, konfiantza eta balio pertsonalaren sentsazioa. Elkarrizketetan bestearen izena erabiltzeak interesa, erakarpena edo lotura estuagoa sortzeko nahia adieraz dezake.

Zientzialariek ikertu dutenez, norbere izena entzuten dugunean gure burmuinean aktibazio jakin bat izaten dugu. Aintzatespen pertsonalean eta gizarte-prozesamenduan inplikatutako eremuak estimulatzen dira, beste izen batzuk entzutean baino erantzun handiagoz. Gure izena entzutea estimulu handia da gure burmuinarentzat, eta gure arreta bereganatzen du berehala.

Gure izena gure identitatearen funtsezko zati bat da. Gure izena erabiltzean entzuten gaituztela, aintzat hartzen gaituztela eta balioa ematen digutela sentitu ohi dugu. Gertutasuna eta pertsonen arteko konexioa indartzen du eta baita komunikazioa ere.

Izenak gure pertzepzioan duen eragina
Izenek pertzepzio sozialarekin ere zerikusia dute. Gizarte psikologian egindako ikerketen arabera, izenak, kasu batzuetan, ezaugarri pertsonalei buruzko pertzepzioekin lotuta egon daitezke, hau da, gaitasuna, ospea edo adimenaren inguruko kontuekin. Esate baterako, klasikoagoak edo arruntagoak diren izenak fidagarritasun eta gaitasun handiagokotzat jo daitezke, eta hain arruntak ez direnak, aldiz, sormen handiagoa dutela baina testuinguru formaletan seriotasun gutxiagokoak direla uste izaten da batzuetan.

Alexinomia: izen propiak erabiltzeko ezintasuna
Pertsona batzuek harreman sozialetan izen propioak erabiltzeko zailtasuna edo antsietatea izaten dute. Beste bati hitz egitean bere izenez deitzean edo norberarena entzutean gerta daiteke. Harremanetan eragina izan dezake, eta argi erakusten du izenek eta haien erabilerak duten esanahi emozionala. 

Hori dela eta, izena erabiltzeak hainbat onura izan ditzakeen arren, kasu jakin batzuetan kalteak ere eragin ditzake. Era berean, izena gehiegi erabiltzeak kontrako efektua ere izan dezake; izan ere, behartua izanez gero edo manipulaziorako jokabidea bada, benetakotasunaren aurka egin lezake. Hortaz, izenak modu naturalean eta errespetuzkoan erabiltzea da kontua, egoeraren eta aurrean dugunaren arabera.