Gure Artea sarien irabazleak izan dira Pello Irazu, Laida Lertxundi eta Leopoldo Zugaza

Gure Artea sarietan arte plastiko eta ikusizkoen obrak saritzen dira euskal artearen errealitatea ezagutzen duen epaimahai espezializatu baten bidez. Aurtengo irabazleak jakin dira eta sariak irailean banatuko dira Bilboko Guggenheim Museoan.

Ibilbide artistikoa aitortzeko modalitatean Pello Irazu izan da irabazle, Laida Lertxundi Sormen jarduera aitortzeko arloan eta Leopoldo Zugaza arte plastiko eta ikusizkoen modalitatean. Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak honela iragarri zuen atzo Donostiako San Telmo Museoan egindako ekitaldian. Aipatu bezala, sari banaketa irailean izango da Guggenheim Museoan. 

Epaileen hitetan Pello Irazu (Andoain, 1963) funtsezko artista izan da euskal arte garaikidearen panoraman. Izan ere, epaimahaikideek uste dute Irazuk artearen beraren esentzian jarri duela arreta, eskulturaren praktikari dimentsio berri bat txertatuz. 

Laida Lertxundik (Bilbo, 1981) berriz, bideoak eta idazketa lantzen du hauek proiekzio moduan gauzatuz. Hauek nazioarteko arte bienaletan, galerietan, zine aretoetan eta erakunde artistikoetan aurkezten du. Epaileen iritziz erreferente anitzeko artista da eta hori baloratu dute. 

Azkenik, Leopoldo Zugaza (Durango, 1932) ere izan da aukeratua arte plastiko eta ikusizkoen arloan agenteek egindako lana aitortzeko. EAEn kultura eta arte plastikoak sei hamarkadatan sustatzen eta zabaltzen ibili da eta horregatik eskuratu du saria. Epaimahaikideen ustez ezin da ulertu euskal arte sistema garaikidea Leopoldo Zugazaren ekimenen ekarpenik gabe. 

Aipatu Mikel Onandia, Miren Arenzana, Lucia Agirre, Oier Etxeberria eta Sahatsa Jauregi adituak izan diren epaileak eta irabazleak aukeratu dituztenak. Irabazle bakoitzak 18.000 euroko saria jasoko du euren artea arte eta gehiago zabaltzeko aukera eskuratuz.