Gure antzerkilari gazteak
Martxoaren 27a Antzerkiaren Nazioarteko Eguna da. Hori dela eta, Euskal Herrian harat eta honat ibiltzen diren zenbait antzerkilari gazterekin izan gara. Hona hemen aktore gazte hauen iritzi, esperientzia eta ametsak.
Beatriz Mtz de Antoñana: Zalantzak uxatu eta aurrera!
Beatriz Martinez de Antoñana 29 urteko gasteiztarra da. Beatriz unibertsitatean hasi zen antzerki munduan, baina ikasketak bukatu arte, ez zuen garbi ikusi zein bide hartu. Orain arte, Beatriz Gasteizko taldeetan aritu izan da gehienbat: Beltzitina, Aeiou, Saraba, Leire Hasiberria, Asteburu Berezi Samarra... Maiatzean, haurrentzako ikuskizun bat estreinatuko dut Porpol taldearekin.
Euskarazko antzerkiaren egoera zer moduz ikusten duen galdetuta, Beatriz argi mintzatu zaigu: Larri ikusten dut. Kasu askotan, nabarmena da erdarazko eta euskarazko bertsioen arteko aldea. Eta hor dago gakoa: ikuskizuna hizkuntz bakar batean sortzen da gehienetan (gaztelaniaz, normalean), eta ondoren euskarazko bertsioa egiten da. Zenbaitetan, ondorioa penagarria izaten da.
Beatrizek gustura antzeztuko luke Federico Garcia Lorca-ren Bernarda Alba abeslari bat, eta erronka hori gutxi bailitzan, 5 horas con Mario edo antzeko monologoren batekin ere ausartuko litzateke.
Javier Bardem munstroa iruditzen zaio gasteiztar honi, baina baita Adriana Ozores, Ramon Barea, eta Beltzitina taldeko bi aktoreak ere. Folie a deux ikuskizunean ezagutu nituenean, haiek bezalakoa izan nahi nuela esan nion neure buruari.
Arantzazu Mendiguren: Anthony Hopkins-en jarraitzailea
Arantzazu Mendiguren lezamarra da. Orain arte telebista munduan aritu da, "Goenkale" saioan egin baitu lana. "Duela lau urte hasi nintzen mundu honetan, eta harrapatu egin nau. Izan ere, aktoreen eta bizipenen mundua beste mundu bat da. Errepresentazio mota bat da; baina berezia, indarrez betea".
Arantzazuk badaki antzerkiaren unibertsoan zailtasunak ugari direla, eta oso nekeza dela lana lortzea:"Une honetan kazetaritzan ari naiz lanean, baina prest nago jarraitzeko. Hala ere, zoritxarrez, ez da erraza zure etxea, zure pertsona mantendu behar dituzu, jan egin behar duzu. Azken batean, dirua ematen dizun zerbaitetan aritu behar duzu".
Lezamarraren ustez, oholtza gainean sentitzen dena ikaragarria da. "Ezin da hitzez adierazi: zoriontasun osoa da, bihotzean bizitzaren taupadak sentitzen dituzu". Arantzazuk edozein antzezlan jokatuko luke, ez baitu "inolako preferentziarik. Finean, dena da antzezpena eta sentsazioa. Beraz, ez dut inolako obrarik nire buruan". Dena den, monologoak atsegin ditu bereziki. Gustuko aktorea nor duen? "Anthony Hopkins. Bere begirada izugarria da".
Egoitz Sanchez: Shakespeare handiari so
Egoitz Sanchez 19 urteko donostiarrak Saturday clown fever antzezlana jokatu zuen iaz Donostiako Antzerki Topaketen barruan. Hain zuzen, Zurriolako Antzerki Eskolako kideekin batera aritu zen, eta sari bat jaso zuten, gainera. Egun, Jugoslabia ohiako gerraren ondorioen kronika lazgarria egiten duen Mirad, Bosniako mutiko bat antzezlanarekin ari da, Zurriolako lagunekin.
Egoitz 8-9 urterekin hasi zen antzerkian. Ikastaro batean izena eman nuen lagun guztiekin, eta hura izaten zen asteko egunik politena. Izugarri ongi pasatzen genuen, trapu batzuekin mozorrotu, eta Ikuskizuna has dadila! oihu egiten genuen. Antzerkiak bete egiten ninduela konturatu nintzen, mugarik gabeko sorkuntza esparrua hartzen duelako beregan. Horretan jarduteak zoriontsu egiten nau.
Oso gaztea izanagatik, Egoitzek ez lioke muzin egingo antzezlan sakon eta entzutetsuak jokatzeari, ezta monologo bati ere. Shakespeareren antzezlan batekin saiatuko nintzateke, eta aukeran Hamlet hautatuko nuke. Hala ere, horrelako pertsonaia bat taxuz defendatu ahal izateko, gauza asko ikasi behar ditut oraindik, diosku.
Aktore ospetsuen artean nor dituen gustuko? Monologoetan, Eva Hache mundiala da. Hector Alterio ere paregabea iruditzen zait.
Jon Koldo Vazquez: Mitoak apurtzearen aldeko
Jon Koldo Vazquez 27 urteko santurtziarra institutuan hasi zen antzerkian. Nire lagun batek Bernarda Albaren Etxea taularatu zuen ikastetxeko antzerki taldearekin. Lan liluragarria iruditu zitzaidan, eta haiekin hasi nintzen. Eskolako antzerki taldearekin Sergi Belbel-en Caricias taularatu zuten, eta ondoren, Ipudelia izeneko taldea sortu zuten. Bestalde, Printze Txikiaren bertsio batean, liburuari izena ematen dion pertsonaia antzeztu zuen. Gaur egun, Pikor antzerki taldearekin ari da, Zapaldu marra ikuskizunean: urrian hasi ginen, eta jada 70 funtzio egin ditugu.
Jon Koldok gaizki ikusten du euskarazko antzerkigintzaren egoera: euskaraz antzerkia umeentzat egiten da gehienbat. Heldu eta gazteentzako ez da ia ezer egiten, eta egiten den apurra, salbuespenak salbuespen, ez da nire gustukoa.
Santurtziar honen ustez, antzerkiaren inguruan dagoen mitoa apurtu behar da. Oso lan gogorra da: ehundaka kilometro egin behar dituzu furgonetarekin, eszenografia eta argiztapena jarri, funtzioa egin, guztia jaso, eta berriro furgoneta hartu beste leku batera joateko. Oso neketsua da.
Koldok drama bat jokatuko luke gustura. Ez dut inoiz halako pertsonaia tragikorik antzeztu, eta probatzeko irrikitan nago. Koldori bereziki txalogarria iruditzen zaio Irungo Legaleon T taldea egiten ari den lana.Nire ustez, Euskal Herrian egin den gauza aurrerakoienetariko bat izan da.
Iraitz Lizarraga: Ezkortasun arrastorik ez
Iraitz Lizarragari txikitatik gustatu izan zaio antzerkia. 25 urteko zizurkildar hau eskolako taldean eta herriko antzerki tailerretan hasi zen. Ondoren, Gasteizen historia ikasketak egiten ari zela, Arte Eszenikoetako Tailerrean sartu zen, antzerkirik gabe zerbait falta zitzaidala sentitzen nuen, diosku Iraitzek. Historia ikasketak amaitu ondoren, hiru urtez aritu nintzen Donostian Arte Eszenikoetako tailerrean, eta oraingoz, antzerki munduan sartuta nabil.
Iraitz-en lehen antzezlana Pikor taldearen Zapaldu Marra izan da. Telebistan ere lan egina dago, ETB 1eko Martin telesailean, hain zuzen. Horrez gain, Triki Traka Trikitron izeneko saioan Lilinuit eta Moro katuaren pertsonaiak jokatu ditu. Oraingoz, Marra Zapaldu antzezlanaren biran murgildua nabil buru belarri, eta etorkizunean auskalo!. Izan ere, Iraitzek orain arteko proiektuekin jarraitu nahi luke, baina horrekin batera, haurrentzako ikuskizun bat antolatu nahi du Denbora antzerki taldearekin.
Euskarazko antzerkia maila onean ikusten du: arazoa da, obra guzti horiek merkatu txikia dutela. Antzerkia beti izan da ekintza minoritarioa, jende gutxi joaten baita antzezlanak ikustera. Bestalde, euskal antzerkian, ausardia gutxiko proposamenak taularatzen dira normalean. Baina ez dut ezkorra izan nahi, mugimendu garrantzitsua dagoela iruditzen zait, eta aurrera egiten ari gara.
Itziar Lamuedra: Oholtzako drogak harrapatuta
Itziar Lamuedra 28 urteko hernaniarrak eskarmentu handia du oholtza gainean. Besteak beste, Tanttaka, Vaiven, Oihulari Clown eta Txalo konpainiarekin jardundakoa da. Gaur egun, Gasteizko Latirilli taldearen kale ikuskizun batean ari da, eta baita Harkaitz Cano idazlearen testuetan oinarritutako Ahulkiak errezitaldi antzeztuan ere.
Agertokian zein pertsonaia jokatuko lukeen galdetuta, Itziarrek aukera guztiak zabalik utzi ditu:Beti izan dut dramarako joera, baina aktore batek edozein paper gozatzeko abilezia eta gogoa izan behar du. Pertsonaia bakoitza bizitza bat da, eta bizitza guztiek merezi dute errespetoa eta interesa: pertsonaia guztiek ematen dizute zeure burua aberasteko aukera. Izan ere, Itziarrek sekulako zirrara sentitu ohi du oholtzan: droga baten antzekoa da. Baina zoritxarrez, gaur egun, agertokiaren magia deuseztatu egiten da askotan lan egiteko moduaren eraginez.
Euskarazko antzerkiaren egoeraz galdetuta, Itziar kezkati azaldu zaigu: Orohar, antzerkiak egoera makala bizi du Euskal Herrian. Zirkuitoak oso itxiak dira, eta ez dira batere babesten aktore berrien proiektuak. Ondorioz, merkatua gutxi batzuren eskuetan gelditzen da. Euskarari dagokionez, gehienetan formalismo hutsez egiten dira obrak: antzezlanak euskaraz egin behar direlako egiten dira, baina ez egin nahi direlako. Orohar, antzezlanen euskarazko bertsioetan entsegu gutxi egiten dira.
Eriz Alberdi: Talde lanaren garrantzia
Eriz Alberdi 25 urteko donostiarra galtzak bete lan dabil azkenaldion. Abendutik hona, Gasteizko Teatro Paraíso taldearekin ari da Charlotte Fallon-ek idatzitako Kox-kox antzezlanarekin. 3-7 urte bitarteko haurrei zuzendutako obra horrez gain, Donostiako Vaiven Producciones konpainiarekin Nasdrovia Chejov antzezlana prestatzen ari da, Fernando Bernues-en zuzendaritzapean. Izenburuak salazen duenez, Chejov-en ipuinetan oinarritutako antzezlana da aipatutako hori.
Eriz Alberdiren ustez, euskarazko antzerkian kalitatezko obra ugari egiten dira: soilik euskaraz idazten duten autoreak gutxi dira, eta euren lana txalotzekoa da, diosku.
Zein aktore atsegin duen galdetu diogunean, Erizek talde-lanaren garrantzia azpimarratu digu: Aktoreak baino, emanaldiak eta obrak gustatzen zaizkit. Adibidez, El florido pensil antzezlana asko gustatu zitzaidan, eta baita Pan con pan izenekoa ere. Nire ustez, antzerkiaren munduan taldeek izan behar dute onak, ez bakarrik aktoreak. Aktoreak, zuzendariak, teknikariak azken batean, antzerkia talde-lana da.
Estilo batean itxi gabe, batetik bestera ibiltzea da Erizen ametsa: era guztietako pertsonaiak eta antzezlanak jokatu nahi nituzke. Antzerki klasikoa, modernoa, alternatiboa, haurrei zuzendutakoa... denetarik.