Gune berdeek gure osasun mentala hobetzen dute

Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) gune berde batetik 300 metrotara bizitzea dela osasuntsuena adierazi du. Naturak estresa murrizten du eta zenbait gaixotasun pairatzeko arriskuak gutxitzen ditu. Hala delarik ere, ez dago denen eskura naturatik hurbil bizi ahal izatea.

Irudikatu hiri bat. Ziurrenik hormigoi eta porlanez betetako leku bat irudikatuko duzu, auto askorekin eta eraikin oso garaiekin. Zinemaren eragina izan liteke, edo beharbada orain arte modernitatea elementu horiei lotuta eraiki delako irudikatzen duzu horrela. Alabaina, hirietan gutxiago ala gehiago, beti egon dira zuhaitzak, lorategiak eta pasealekuak. 

Gune berdeak funtsezkoak dira hiriko ongizatea hobetzen laguntzeko. Bioaniztasunerako lekuak izateaz gain, hirietako airea berritzen laguntzen dute, garbiagoa eta arnasgarriagoa bihurtuz. Tenperatura arautzen ere laguntzen dute eta funtzio hau oso garrantzitsua da azken uda sasoietan bizitu ditugun bero sapak ikusirik. Gainera, gune berdeek prebentzio osagai moduan jokatzen dute, eta hiriko biztanleen osasun mentala hobetu. Zuhaitzek hobeto sentiarazten gaituzte, eta ez diot nik, zientziak baizik. 

Hain da horrela, ezen aditu askok iradokitzen duten paseatzera ateratzea edo natura behatzea estresa murrizteko. Ikerketa batek erakutsi du harremana dagoela gune berdeetatik urrun egotearen eta haurtzaroan hiperaktibitatearen nahasmena pairatzearen artean.

Hirietan, biztanleen inguruan, landaretza kopurua %12 hazita, hiperaktibitate nahasmendua pairatzeko aukerak %10 murrizten dira. Horregatik, auzo berdeenetan bizi diren haurrak, egoera onuragarriagoan daude, berde gutxi duten haurrekin alderatuta.

Beste ikerketa batzuek loturak behatu dituzte gune berdeetatik hurbil dauden eskola eta ikasketaren artean. Zenbat eta leku berde gehiago inguruan, orduan eta garapen kognitibo hobea eta etorkizunean osasun mental hobea. Gune berde gehiagorekin hazten diren haurrek helduaroan osasun arazo gutxiago pairatzen dituzte. 

Alta, gune berdeen onurak ez dira soilik haurretara mugatzen. 2019ko ikerketa baten arabera, gutxienez astean bi ordu naturaz inguratuta igarotzeak (baita hondartza bezalako gune urdinetan) gure ongizatea hobetzen du. Adibidez, parkeek adineko pertsonen sozializatzea hobetzen laguntzen dute, bakardadearen antidoto bilakatuz. 

Naturaren onurak nabarmenak badira ere hiriguneetan, oraindik gune berdeak mugatuak dira, ez daude guztion eskura. Ikerketa baten arabera Europarren %62 gomendatutakoa baino gune berde gutxiago dituzten lekuetan bizi dira. Datu hau hobetuko balitz, urtero 43.000 heriotza goiztiar prebenitu ahalko lirateke kontinentean.