Greba ez hitzartuak
Biolentoena hurrengo egunean lanera itzultzea izan zen. Horixe da azken asteotan Bartzelonako paretetan itsasiriko eslogana. Greba egunaren ondorengo egunaz ari da. Norbaitek esan zuen behin greba egun bateko egunsentia dela askatasun sentsaziorik handiena: gaueko sarraila silikonatuak giltz fidelenak oztopatuz, aireportuak itxita eta taxistak gora-behera, neumatiko erreen lurrina zeruan gora, piketeak erdiguneko tabernak hustu eta ixten
Langileak nazioaren aurka pekatzen du, guztion ongizatea eta ekonomia nazionala kontuan hartu gabe, bere indarra erabiliz, gehiegizko eskaerak inposatzen saiatzen denean.
Hurrengo eguneko prentsan, alderdi eta sindikatu handi guztiek kritikatu zuten Bartzelonan gertaturikoa, beraien antzerki hitzartu eta baketsua ez zelako egunkarietako azaletan agertu. Huelga borroka bezalako titularrak izan ziren entzunenak. Horixe zen oinarrizko mugimenduen helburua: greba orokor eta basatia zioten pankartek. Sinestaraziko digute guztion sakrifizioa beharrezkoa dela, ongizate gizarteaz gehiegi gozatu dugula eta gehiago lan egin beharko dugula gutxiagoren truke; baina hemen zirku honetako jabeek jarraitzen dute gozatzen.
1914ko abuztuan, nazioa ez zen abiatu tinkotasunez gudara; orduan gertaturikoa nazio sentimenduaren azken saiakera izan zen, nazioaren gorputza txikitzera zihoazen marxismo eta pazifismoaren indarrak aurrez aurre zituela.
Zenbait zutabegilek kritikatu zuten sindikatuen lotsagabekeria, krisi garaian grebara deitzea traiziotzat joz. Erakusleihoak hautsi eta barrikadak egin zituztenak ganberro umemoko hutsak besterik ez zirela esan zuten, ideologiarik gabeko mugimendu suntsitzailea besterik ez zela. Enpresari harroputzen batek ere aipatu zuen bizitza guztirako aurrezki nahiko bazituztela, eta ez haserrarazteko, bestela bere kapitalarekin beste leku batera joango zirela. Gaurko gizarte despolitizatuan beldurra da arma bakarra, eta sosik gabe gelditzeak jende ugari beldurtzen du.
Erakunde politikoak mugimendu sindikalen era berean egiten du lan. ( ) Sindikatua lan politikorako beharrezkoa den organo menperatzailea da. ( ) Bere izaera ekonomikoa erabat galtzen du ideia politikoei men egiten dienean bere arma nagusiarekin: lan egitearen ukazioa, greba orokorra.
Zitak Vanguardia egunkariko editorialekoak izan zitezkeen, edota Pilar Raholaren goizeko tertuliako esaldi garratzak. Baina nahiago izan dut iturritik hartzea: Adolforen Mein Kampf liburukoak dira, ideia ugari ezpaitira gehiegi aldatu, gaur egungo etsaiak musulmanak badira ere, eta juduak ukiezinak.