Gorputz-atalak brodatuta
Normalean natura izaten du ispirazio-iturri baina maiteminduen eguneko bihotzari beste ikuspuntu batetik heldu nahian sortu ditu brodatutako irudiak Amber Griffiths artistak.
"Ez dut interes handirik maitasun bihotz klasiko eta bigunetan, eta pentsatu nuen anatomia ibilbidea egitea askoz interesgarriagoa izango zela", azaldu du Griffiths-ek. Organoen forma eta testurekin liluratzen hasi eta josteko teknika jakin baten bidez aurkitu zuen horretan jarduteko biderik onena: orratz zulatzailea. Sistema honek haria oihalean bultzatzen du eta alde batean geratzen da: metodo tradizionalean, berriz, haria sartu eta irten egiten da.
Denbora-tarte handia hartzen du brodatuko duen organo edo sistema ikertzen eta erreferentziazko 20 edo 30 irudi topatzen ditu hasi aurretik. Horretaz gain, xehetasunei ere erreparatzen die eta, esate baterako, metalezko torlojuak ere erabili izan ditu bizkarrezurra irudikatzeko.
Ume garaitik izan du josteko zaletasuna, baina unibertsitateko azken urtean brodatzeari ekin zion berriz bere burua erlaxatzeko, eta horretan dihardu ordutik. Gainera, Youtubeko bere kanalean partekatu izan du laneko prozesua. Instagrameko kontuan erakutsi ohi ditu bere lanen emaitzak.