Gorka Torre: “Euskararen borroka hil ala bizikoa da”

Gorka Torrek 27 urte ditu. Natur Zientziak ikasi ondotik, denetarik egin du: irrati esatari, Kontseiluko langile, irakasle, Demo-en sortzaile, ABko kide… Lana eta militantzia tartekatzen ditu. Berriki "Gazte idealistak" eleberria kaleratu du Gatuzain argitaletxearekin. Gorka Torre engaiamenduaren pertsonifikazioa da. 


Natur Zientziak ikasi ondoren, ofizio eta militantzia anitzetan egon zara sartuta. Ez zara beldur dena eta ezer ez izateko?
Nire ustez, badugu lan bat, ogibidea dena, baina hortik kanpora ere engaiatu behar dugu. Gizarte honetan hamaika injustizia bizi ditugu, eta nik uste moralki behartuak garela konpromiso bat hartzera eta lan egitera injustizia horiek desagertzeko. Bada esaldi bat honela dioena: "denetik pixka bat egin behar da eta pixka bat horietan dena". Ez dakit arras egia denetz, baina gauza anitzetan idekidura bat ukatea interesgarria da.

Luzaz Gure Irratiko esatari izan zara. Nolako esperientzia izan da?

Gure Irratian kazetaritza lana egin nuen. Biziki interesgarria izan zen egunerokotasuna hurbiletik segitzea. Hala ere, gutiago ikusten nuen ene burua bertzeek eguneroko bizian eragindako aldaketak kontatzen, nik aldaketa horietan parte hartzen baino. Pentsatzen dut, kontatu bakarrik ez, norberak ere egin behar dituela gauzak.

"Argian" egin elkarrizketa batean, irratilari batek dio Ipar Euskal Herrian gazte gero eta gutiago entzuten dela euskaraz. Eta galdetu du ea hemendik hamar urteren buruan norentzat ariko den ez bada nehor euskaraz mintzo…

Zenbakiei so egiten badiegu, badakigu BAB-n (Baiona-Angelu-Miarritze), 16 eta 21 urte bitarteko gazteetan %1 besterik ez dela euskaraduna. Egoera oso kezkagarria da. Ni arras kezkatua naiz, eta Demo-etan adibidez, buru belarri borrokatzen naiz euskararen alde. Euskararen borroka hil ala bizikoa da Ipar Euskal Herriarentzat.

Demo-etako kidea zara. Zu izan zinen sortzaileetako bat. Zerk kezkaturik sortu zenuten Demo-en taldea?

Euskal Herrian, su eten garaiarekin, estrategia berri batzuk garatzeko beharra sentitu genuen. Beraz, Demo-en sorrera, nahiz eta tamalez lehen ekintza su etena hautsi eta gero gertatu, garai hartan kokatu behar da. Ohartu gara borroka molde berriak politika arlora ekarri behar direla. Hortik etorri zen, beraz, desobedientzia zibilaren borroka garatzeko nahia. Gaur egun gizarteak, izan duen bilakaera etikoagatik, ez du orain hogeita hamar urte bezain erraz justifikatuko erahilketa bat. Eta borroka moldeak gizartearen bilakaerarekin egokitzen jakin behar da.

Paueko euskal kontseilarien aulkiak Baionara ekarri, animaliekin Bayrouren bulegoa okupatu... Zuen ekintzak baketsuak eta originalak dira.

Gure lanaren ardatzetako bat da ekintza sinbolikoak egitea, gizarteari mezu bat bidaltzeko. Orduan, jendearen arreta erakartzeko, saiatu behar dugu zerbait berri, ikusgarri, sinboliko, eta agian komiko, egiten. Guk lortu nahi duguna da hedabideek, eta bide batez jendeak, garrantzia ematea guk igorri nahi dugun mezuari, eta ez mezu hori igortzeko erabili dugun bitartekoari. Eginmoldean arreta ezartzekotan, izan bedi poliziak duen jarreran.

Uste duzu desobedientzia zibilaren borroka etorkizunean urratzeko bidea izanen dela?

Hego Euskal Herrian ikusten ari gara gero eta jende gehiago ari dela borroka molde honetan parte hartzen. Konbentzituak gara hau izanen dela bide eraginkorrena, eta erran nahi nuke gero eta azkarrago garatu, gero eta jende gehiago egon, orduan eta azkarrago lortuko ditugula gure helburuak. Beraz, nik komitatzen dut jende guztia, gaur, orain, horretan sartzera.

Orain liburuak izkiriatzen ere hasia zara. Zerk pusatu zaitu ?

Hiru urte gibelerat eginez, une batean zerbait komunikatzeko nahia sentitu dut. Ustez, aski mami banuen buruan, eta hortik sortu zait liburu baten idazteko ideia. Beraz, hori zen nolabait liburuaren xedea: buruan nituen zenbait ideia, edo bertze norbaiti entzunak nizkionak, bertze irakurlego batengana helaraztea.

Ipar Euskal Herrian gazte guti dira literaturaren munduan sartzen direnak. Zer eskas da?

Azkenaldian horretaz gogoetan aritu naiz, eta lehenik erran behar da liburu baten idazteak denbora anitz galdegiten duela, eta beraz, motibazione handia ukan behar dela. Eta bertzalde, nago ea Euskal Herrian finean leku gehiago ez ote zaion ematen kolektiboari gizabanakoari baino. Zaila da pertsona batentzat bakarrik azaltzea, buruan dituenak plazaratzea. Irudi zait gehiago usatuak garela bertze baten ideiaren gibeletik joaten, norberarena sakonki hausnartzen baino. Egia erran, ingurukoek ere ez dute errazten. Hori bereziki politikan sentitzen dut. Iruditzen zait hemen ortodoxia franko badela, eta bide ofizialetik ateratzea ez dela baitezbada erraza.