Gorka Salcesek 'Airemortuak' poesia liburua kaleratu du
Bigarren liburua du eta kritika soziala, gurasotasuna eta belaunaldi artekotasuna ditu gaitzat.
Gorka Salces idazleak Airemortuak poema-liburu berria argitaratu du Balea Zuria argitaletxearekin. DK Poesia Saria irabazi zuen Iraganaren izterrak poema liburuarekin 2018an.
Balea Zuria argitaletxeko ordezkariek azaldu dutenez, “orduko lanaren ertzak finduz eta helduago datorkigu oraingo honetan Salces, giro apokaliptikoz, kritika sozialez, edertasunez eta gurasotasunari eta belaunaldi artekotasunari buruzko hausnarrez beteta maleta. Lau ataletan banatuta dator liburua: Baby blues, Udaminaren logalea, Etziko enbatak eta Overbooking. Badaki egileak intimoa izaten, eta badaki, halaber, belaunaldi baten ahots bihurtzen, gizartean gertatzen denari begiak erne. Pandemiak utziko ondorioak eta isolamenduaren areagotzea ere oso presente daude liburuan, baita albiste-eskaletak eta porrotaren zentzua ere. Gai da zurrunbiloan murgiltzeko eta hartatik landa sosegua bilatzeko ere, uda minaren altzoan, hondartza galdu batean gorputz epelen lurrinean".
Salces historiako irakaslea da bigarren hezkuntzan, eta Radio Euskadiko Hágase la luz saioan kolaboratzen du, bi astean behin. Durangoko Azokako I. Sormen Beka jaso zuen Atopiarpg euskarazko rol jokoaren garatzaileen taldeko kide izan zen.