Gorka Karapeto: "Ez nuen motibazioaren bila joan behar, bera zen nigana etorri behar zena"
Euskal Herriko eskaladan erreferentea da Gorka Karapeto (Azpeitia, 1981).
Hamalau urterekin ibilbidea hasi zuenetik, hiru bider irabazi du Kirol Eskaladako Euskadiko txapelketa. Iaz motibazio faltak goi maila uztera eraman bazuen ere, atseden hartu eta indarberrituta egin du itzulera eskalada zirkuitora.
Hamalau urte zenituenean hasi zinen eskalatzen. Nola gogoratzen duzu garai hura?
Oso oroitzapen onak ditut garai hartaz, ilusioz beteta eta ikasteko gogo handiarekin sentitzen nintzen. Garbi neukan nahi nuena eskalatzea eta eskalatzaile izatea zela.
Hala ere ttikitan surflaria izan nahi zenuen. Horrela bada, zer bultzatu zintuen eskalatzera?
Bai, egia da. Txikitan monopatinean edo skatean ibiltzea asko gustatzen zitzaidan eta udan surfa egiten nuen. Surflarien argazkiekin beteta nuen logela. Beti gustatu izan zait abilezia behar duten kirolak egitea. Eta eskalatzeko irudiek asko erakartzen nindutenez, gogoa nuen hasteko. Azkenean lagun taldeko baten anaiak garajean rokodromora zuenez joaten hasi ginen, baita Azpeitiko kanterako arrokak eskalatzera ere.
26 urte zenituenean Euskadiko txapelketa irabazi zenuen. Hurrengo urteetan maila bera mantentzeko gai izango zinela pentsatu zenuen?
Bai, posiblea zela behintzat pentsatzen nuen. Berebiziko garantiza du egiten duzun horretan sinestea, nahiz eta beti dagoen akatsa egiteko aukera.
Ur gaineko eskaladan ere aritu izan zara, Norvegian Rock Master-en, adibidez. Zertan datza, zehazki?
Bai, eta Mallorcan ere ibilia naiz. Psicobloc deitzen zaio eta sokarik gabe eskalatzen da. Eroriz gero uretara jausten zara. Oso eskalada erakargarria iruditzen zait, fisikoki indartsu egoteaz gain, psikologikoki ere horrela egon behar duzulako.
Eroriz gero uretara zoaz, baina ongi erori behar da minik ez hartzeko. Modalitate horretan jarraitzeko asmorik baduzu?
Bai noski, aukera dudan guztietan. Hori bai, nahiago udan bada, neguan ura hotz dagoelako eta neoprenoarekin eskalatzeak ez du batere erosoa izan behar kar, kar, kar.
2013an, mailarik hoberenean zinenean atseden hartzea erabaki zenuen. Zer dela eta?
Nekatuta edo motibaziorik gabe nengoen. Hasieran onartzea kostatu zitzaidan eta gogo handirik gabe eskalatzen jarraitu nuen. Ez zen gauza bera. Azkenean, atseden hartzea erabaki nuen. Ez nekien noiz arte. Denborarekin beste ikuspuntu bat izan nuen eta ohartu nintzen; ez nuen motibazioaren bila joan behar, bera zen nigana etorri behar zena.
Goi mailako eskalatzaileen artean ohikoa izaten da etenaldi hori egitea. Zergatik? Zer dago horren atzean?
Gehienetan fisikoki atsedena hartzeko izaten da. Nik ere egin izan ditut atseden horiek, baina kasu honetan desberdina zen, reflexio garai bat bezelakoa izan zelako. Askotan bizitzako beste gauzen eraginez motibazioak alde egiten du gu ohartu gabe.
Aurten, hala ere, bederatzi graduetara itzuli zara. Zergatik?
Eskalatzea dut gustuko eta eskaladan zailtasuneko bideak egitea atsegin dut. Sasoian sentitzen banaiz bide gogor bat eskalatzen saiatzen naiz. Aurten esate baerako, Zeledón eskalatu dut.
Fisikoki nola ikusi zenuen zure burua atsedenaren ondotik?
Hasieran pisutsu sentitzen zara, giharrak lo baleude bezala, eta azala ere oso biguna daukazu. Bide errazak egiten hasi eta pixkanaka erritmoa hartzen duzu. Horrela, hilabete batean 8c zailtasuneko bideetan ari nintzen.
2008an Aizpunen ‘Sistematik ihes’, 2011n Perlesen ‘Esclatamàsters’eta 2012an
Etxaurin ‘Begi puntuan’ bederatzi graduko paretak egin zenituen eta aurten, ‘Zeledón’-ekin ausartu zara. Nola joan da?
Oso ongi, gustura eskalatu nuen. Nire estilokoa dela esango nuke; erritmoakin eskalatzekoa da, eta erresistentzia landua izatea eskatzen du.
Ibilbide luzea egin duzu dagoeneko eta lorpenak ugariak izan dira. Mantentzen zaren mailan egotea dirudien bezain gogorra al da?
Gogorra da, baina pixkat prestatuz gero mantentzea lortu daiteke. Orain koxka bat gora egitea gustatuko litzaidake. Hori lortzeko gogor entrenatu beharko dut.
Nolakoa da zure egunerokoa? Nola entrenatzen duzu?
Errazena rokodromora joan eta lagunekin aritzea izaten da. Boulderreko hainbat pauso egitea, esate baterako. Hori egiten dut askotan, baina lehen esan bezala orain beste pauso bat eman nahi dut eta horretako beste motatako ariketak egiten ditut, eskalatzeaz gain behatzak eta besoak indartzeko ariketak, adibidez.
Eskaladaz aparte irakurri dut sukaldatzea ere maite duzula. Dieta berezirik jarraitzen duzu?
Bai, kar, kar, kar. Sukaldatzea gustuko dut, baina etxeko sukaldean gauza guztiak eskura ditudala bere erosotasunarekin. Mendira noanean zein furgonetan egunak kanpoan ematen ditudanean gehiago kostatzen zait.
Eskalada bertze ikuspuntu batetik ere bizitu duzu azkenaldian gazteei klaseak ematen hasi zarenetik. Noiz eta zergatik hasi zinen?
Beste ikuspuntu batetik bizitzen duzu bai, eta oso aberasgarria da. Zu irakasteko zaude baina asko ikasten duzu beraiengandik ere. Irakasle izateko aukera eman zidaten eta interesgarria iruditu zitzaidan; egia esan gustoko dut.
Nola sentitzen zara irakasle bezala eta zentzu horretan zer irabazi duzu?
Eroso sentitzen naiz eta adierazten diedanarekin oso seguru. Entrenatzeaz gain gustura sentitu daitezen nahi dut. Oso gazteak dira eta asko dute ikasteko. Hala ere, norberak bere sentsazioei kasu egin behar diela uler dezaten saiatzen naiz.
Azkenik, aurrerantzean zein dira zure erronka nagusiak? Nola aurreikusten duzu etorkizuna?
Momentuz eskalatzeaz gozatzen jarraitu nahi dut, eta gogor entrenatu denboralditxo batez. Hortik aurrera dena egindako lanaren fruituak izango dira.