Gorka Aranbarri: arraunlariak erdi masokistak gara
Traineruen Kluben Elkartearen (TKE) Ligako lemazain gazteena da: 21 urte ditu. Berak gidatzen du Enbata, zarauztarren trainerua. Zodiakoan ere ezagun du urzalea dela, Piscis betea da eta. Arrauna kirol gogorra izanagatik, herritarren animoek asko betetzen dutela dio.
Sukaldean. Zer prestatuko zenuke? Ez naiz oso iaioa, baina arrautza frijitu parea txorixo muturrarekin egiteko... moldatzen naiz. Edateko, txakolina edo sagardoa.
Komunean. Zer irakurtzen duzu? Egunkaria. Bestela, ordenagailu eramangarriarekin messengerrean aritzen naiz.
Telebistan. Zer ikusten duzu? Goenkale. Baita albistegiak ere. Halere, ez dut telebista askorik ikusten.
Igogailuan. Norekin ez duzu topo egin nahi? Bizilagun petralekin! Horiei egun on esan, lurrera begira jarri, eta etxera!
Oporretan. Nora ez zinateke itzuliko? Kantabriara! Iazko Aste Santuan bikotearekin joan nintzen, eta ez genuen askorik gozatu.
Lanean. Zer gorroto duzu? Banaketan aritzen naizenez, udako bero zakarra!
Arraunean. Nolatan? Arrauna kirol aldrebesa da; neguan entrenatzen eta udan lehian buru-belarri. Eta gustatu egiten zaigu, gainera. Erdi masokistak gara; sekta moduko bat.
Beste kirolik? Igeriketa eta gimnasioa. Geldirik ezin dut egon. Korrikan aritzea ere oso gogoko dut.
Kontzertuan. Zein talde? Aspaldi utzi zuten, baina beti izan naiz Akelarre-zalea.
Gaztetxean. Noiz azken aldiz? Herrikoan, Putzuzulon. Koadrilako bi lagunek Harlore taldean jotzen dute, eta beraien kontzerturen batean.
Zerua. Non? Goian. Uste dut lekutxoren bat izango dudala; kalte gutxi egin dut nik.
Infernua. Non? Telebistan ikusten diren zenbait gertaerekin, mundu honek infernua dirudi