Gorka Aginagalde: "Malko errazekoa naiz"
Aktorea. "Airbag" filmean guardia zibil baten rola egindakoa eta Sobradun antzerki taldeko kidea. Gasteiztarra. Zirikatzailea. Segapotoa "nikotina
bezalakoa da" aktore honentzat. Gasteiz-Madril ibilbidea maiz egiten du,
eta maletan, begiak estalzeko zapia, tapoiak eta liburu bat ezinbesteko ditu.
Arrunt laket dut: Gauza asko! Bat esatekotan, aktore izatea, nire lana.
Ez dut parean ikusi ere egin nahi: Aznar. Joan dadin AEBetara, Bush-enera!
Lasaigarri zait: Emaztearekin egotea. Kanpotik etxeratzen naizenean, maleta ireki eta hozkailura joaten naiz.
Sutan jartzen naute: Demokrata intoleranteek, gezurrak esaten baitituzte.
Gustura irakurri nuen: Javier Cercasen "Soldados de Salamina"; oso liburu ona da.
Lo seko geratu nintzen irakurriz: Antonio Altarribarren "Contratiempos" liburua. Askotan hasi naiz irakurtzen...
Bertutea: Maitagarria naiz.
Akatsa: Ez dakit ezetz esaten.
Ametsa: Zoriontsu izatea.
Amesgaiztoa: Komunikabideen intoxikazioa. Gezurti hutsak dira.
Barre algara eragiten dit: Lagunarteko giro umoretsuak.
Negargura ez dut urruti: Maite dudan pertsona bati zerbait gertatuz gero. Negar errazekoa naiz.
"Anttoni, Anttoni, zure atean nago ni ": Ateak jo ditut eta, oro har, ondo erantzun didate.
" ai Antton, ai Antton, ate ondoan hor konpon": Ezezkoak ere mordoxka jaso ditut.
Urrea: Jack Lemmon-entzat; onena zen. Zahartutakoan bera bezalakoa banintz, pozik.
Ikatza: Aznarri! Espainiako aktore askok ere ez dute parean ikusi nahi.
Hatzak zupatzen ditut: Olio on eta gatz askorekin egindako arrautz frijitua bezalakorik ez dago!
Gogoko ez dudan jakia: Tripakiak ezin ditut parean ikusi.
Dirua ordainduko nuke: Buruan dabilkidan eta, oro har, dabilkigun pertsona bat isilarazteko.
Ez nioke xentimorik ere emango: Esplotatzaileei. Antzerkian ere bat baino gehiago dabil.
Udazkenari zera eskatzen diot: Lana eta etxean gehiago egoteko aukera, atzera eta aurrera asko ibiltzen naiz eta.
Orbelak ondo estal ditzan: Munduan eta hemen, bakea lortzeko trabak jartzen dituzten guztiak.