Google eta eguneratzeak euskaraz
Badira hilabete batzuk Google-ko itzulpengintza tresnak (translate.google.com) bere hizkuntzen artean euskara gaineratu zuenetik. Tresna horri esker, orain, euskarazko testu eta webguneak beste hainbat hizkuntzara itzul daitezke automatikoki, baita alderantziz ere.
Google beti oso motel ibili izan da zerbitzuak euskaraz emateko garaian. Maiz, teknologia bera garatua izan arren, ez ditu baliabide horiek bere tresnetan txertatu. Beste batzuetan, euskal komunitatea bera izan da Google-ko tresnak euskaratu dituena.
Dakigunez, bilatzaileak euskara detektatzeko gaitasuna orain bi urte inguru garatu zuen. Alegia, bilaketak egiterakoan, euskaraz dauden edukiak diskrimina ditzake. Baina orain arte ez du aukera hori txertatu.
Egoitz Goikoetxea (http://euskal-seo.blogspot.com) blogari eta informatikariak antzeman du Google teknologia hori erabiltzen hasi dela, zatika besterik ez bada ere. Bilatzaile erraldoi honek Twitter eta Facebook-eko profil publikoetako eguneraketak bilatzeko aukera eskaintzen du. "Web bizia" esaten zaiona, alegia.
Google-k "eguneratzeak" deitu dio bilaketa berezi horri eta soilik euskarazko mezuak bilatzeko aukera eskaintzen du orain. Esaterako, "Zinemaldia" hitza bilatzen badugu, hitz hori duten euskarazko mezuak agertuko zaizkigu, kronologikoki antolatuak (berrienak lehendabizi, eta beti ere Facebooketik edo Twitterretik hartuak).
Mementuz, ohiko bilaketetan ez dago aukera hori. Google-k, gaitasuna izan arren, ez du eskaintzen Internet zabalean dauden euskarazko edukiak bereziki bilatzeko aukera. Hau da, "Zinemaldia" hitza idatziz gero, hainbat hizkuntzatan idatzitako albisteak ageri dira. Oraingoz hori egiteko gaitasuna duen bilatzaile bakarra Elebila.eu da.
Geure hizkuntzaren "globalizazioak", nolabait esatearren, denetariko ondorioak ditu. Batzuk oso onak, besteak ez hainbeste. Zalantzarik gabe, mundu osoan erabiltzen den tresna batek euskara aintzat hartzeak berebiziko garrantzia du.
Ondorio kaltegarriei dagokienean, aipagarria da spam edo zabor-postari eragiten diona. Sustatu.com agerkari elektronikoak (http://sustatu.com/1284978708) eman du Argia.com webgunean gertatutako kasu baten berri.
Spama da soilik postontzi elektronikoetan jasotako zabor-posta. Spama egiteko modu asko dago, eta horietako bat blog eta agerkari digitaletan produktu eta zerbitzuak saltzeko helburua duten mezuak idaztea da. Batzuetan robotek egiten dute, eta bestetan pertsonek.
Blogetan ingelesez idatzita dauden spam mezuak jasotzea oso ohikoa da, eta ekiditeko tresnak ere asko garatu dira. Hain ohikoa ez dena mezu horiek euskaraz jasotzea da. Horixe da Argia astekarian gertatu dena (http://ttiki.com/16942). Maileguen inguruko artikulu batean, maileguak saltzen dituen mezua agertu baita, automatikoki euskarara itzulia. Horrek esan nahi du spama egin duen pertsona edo robota artikuluaren muina identifikatzeko gai izan dela, baita bere mezua euskarara itzultzeko ere.
HARRITU GAITU
Blogari.net blogak sortzeko euskarazko plataforma aitzindariak egindako saltoak harritu gaitu aste honetan. Izan ere, orain arte bogak sortzeko webgune bat bazen, hemendik aurrera hori baino askoz ere gehiago izango da. Elurnet Informatika Zerbitzuak SLren eskutik, sare sozial bilakatu da ondoko helbidean: Blogariak.net.
KATXONDOENA
Axpe Sagardotegiak iragarki benetan polita sareratu du Youtuben. Bertan ikus daitekeenez, baserri honetan sagardoa euskal produktuak erabiliz egiten dute, baina Japoniako teknologia erabiliz. Akira Kurosawaren film labur moduko bat Euskal Herriko baserri batean! http://www.youtube.com/watch?v=MkSxE19wF5o
INFORMAZIO BILA
Joan den astean aurkeztu zuen CodeSyntax enpresak. Umap.eu du izena, Twitterreko erabiltzaile euskaldunen jarioak bildu eta antolatzen dituen Interneteko tresna berria. Egunero-egunero denon ahotan dauden albisteak zerrendatzen ditu, eta informazioa eskuratzeko tresna paregabea da. Hori guztia geure hizkuntzan, noski. Aurki berrikuntza gehiago izango direla ere iragarri dute.