"Googaz 3.0": Merkataritza lokalak zure laguntza behar du, prest?

"Googaz 3.0" proiektua gazteetatik eta gazteentzat sortu du, euskal merkataritza lokalen arazoei irtenbidea bilatzeko helburuz. Bihar, otsailak 13, Azkoitian eta Sopelan izango dira.

Egitasmo hau aurrera atera dutenek udalerri ezberdinetan lehiaketak antolatu dituzte. Honela, bertako merkataritzaren egoera aztertuko da eta hobekuntzak proposatuko dituzte. Gainera, pandemia egoerak ahalbidetzen badu, uztailean irabazleek Europan zehar bidaiatuko dute beste esperientziak ezagutu eta hauek Euskal Herrira ekarriz.

Googaz 3.0 proiektuak frogatu nahi du gazteek talentua erruz dutela eta gauzak hobetzeko gogoz daudela. Hori dela eta, ideiak ematen hasi nahi dute bertako merkataritza berpizteko. Honen harira, EAE mailan lehiaketa bat antolatu da dozena bat udalerritan ospatuko dena. Aipatu bezala asteburu honetan Azkoitian eta Sopelan izango dira eta bertan ginkanak antolatuko dira. Hauetan parte-hartzaileek saltoki ezberdinak bisitatuko dituzte eta hauen puntu ahulak aztertzeaz gaindi alternatibak proposatuko dituzte. 

Konfinamendu perimetrala dela eta, lehen proba hauetan udalerri horietakoek bakarrik parte hartu ahal izango dute, baina antolatzaileek espero dute egoera hau laster hobetzea eta parte hartzeko gogoz dagoen 18-30 urte bitarteko edozein gaztek parte hartzea. Izan ere, aipatutakoez gaindi beste zenbait ekitaldi jada itxita dituzte. Honela, otsailaren 27an Elgoibarren izango dira, otsailaren 17an eta 24an Gasteizen eta, oraindik zehaztu gabe baldin badaude ere beste datak, Bilbon, Amurrion, Balmasedan, Gernikan, Leioan eta Santurtzin ere izango dira. Donostia eta Ermuko udaletxeekin ere harremanetan jarri dira. 


Zertan datza Googaz 3.0 egitasmoak?
Egitasmoaren dinamikaren barruan parte-hartzaileek hiru pertsonako taldetan antolatu beharko dute eta mugikorreko aplikazio jakin baten bitartez bisitatu beharreko saltokiak ezagutuko dituzte. Behin bertara hurbildu eta hauek aztertu ondoren dituzten alde indartsuak eta ahulak aztertuko dira eta hobetzeko proposamenak pentsatuko dituzte. Lehen taldea goizeko 10:00etan hasiko da eta azkenak arratsaldeko 20:00etan amaituko dugu. Hori bai, talde bakoitzak bere herriko ibilbidea egiteko gehienez ordubeteko denbora izango du. Saltoki berdinetara bisitak errepikatuko dira eta hori dela eta, besteen proposamenak sakondu ahal izango dira azken emaitza aberasgarriago bat lortuz. 

Udalerri bakoitzeko irabazleak lehiaketako bigarren fase batera igaroko dira. Bertan, probintzia bakoitzeko onenek aurrez aurrez lehiatu beharko dute. Proiektu berriak aurkeztuko zaizkie eta hauei irtenbidea eman beharko diote. Horrez gaindi, herri guztian zehar, saltoki guneetan aurkituko diren erronka eta arazoei aurre egin beharko diete. Azkenik, pandemiak ahalbidetzen badu, proba honetako irabazleek saria izango dute: Europara bidaia! Birusa dela eta, uztailean oraindik mugak baldin badaude, maila nazionalean bidaia egiteko aukera hausnartzen ari dira. 

Lehiaketan lortutako emaitzekin saltokien inguruko ikerketa sakon bat burutzea da helburua. Liburua argitaratu egingo da, merkatariek eta udaletxeek bertako ondorioak aplikatu ditzaten merkataritza lokala hobetzeko. 

Proiektu honen sorburuan Mondragon Unibertsitateko bederatzi graduko ikasle daude. Googaz 3.0 proiektua millenialentzat eta edozer gauzarekin konformatzen ez direnentzat sortua da eta helburu nagusia euskal gazteak motibatzea da, euren bizitzen jabe sentitu daitezen.