[Gomendioa] 'Zodiac': XXI. mendeko thrillerrik onenetarikoa

1995. urtean, hogeita hamar urte bete berri zituen zuzendari gazte batek thriller-kriminalaren generoa goitik behera irauli zuen ‘Seven’ izugarriarekin, non ikusgarritasun narratiboa eta handitasun estetikoa bat zetozen zinemaren historiako thriller imitatuena osatzeko. Fincherrek serieko hiltzaileekiko eta trama poliziakoekiko zuen interesa nabarmen azaldu zuen 'Seven' (1995) pelikulan. Baina 2007. urtean estreinatu zuen ‘Zodiac’ maisulanean, pelikula guztiz desberdin bat aurkeztu zuen.

Pelikulan bi espazio nagusi daude, elkarren artean uztartu eta osatzen direnak: polizia-eremua eta kazetaritza-eremua. Lehenengoan, Mark Ruffalok Zodiacen kasua gurutzada pertsonal gisa hartzen duen polizia trebe baten papera gorpuzten du. Bigarrenean, Robert Downey Jr. “kazetari izarra” da, prentsan kasuari buruzko informazio gehienen egilea. Eta nola ez, ezinbesteko giltzarri den Jake Gyllenhaal. Bi munduetako kide ez den pertsona bihurtzen den arren -marrazkilaria da egunkarian-, kasua konpontzeko obsesio horren atzaparretan geroz eta harrapatuagoa sentituko dena.

Pertsonaia hauen eraikuntza oso zehatza izan zen, Fincherrek erabateko perfekzioa nahi zuen benetako pertsonaia hauen irudikapenari dagokionez, aktoreen eta euren pertsonaien arteko topaketa bizitza errealean bultzatzeraino. Gyllenhaalek Graysmithen errotuladore mota gustukoena poltsikoan eramatea nahi zuen adibidez, edota Ruffalok ogitartekoen tomatea kentzea, Toschiren ultzera odoltsuari erreferentzia eginez.

Xehetasunak, xehetasunak eta xehetasunak. Horiek dira film hau erraldoi bilakatu izanaren gako nagusiak eta pelikula behin baino gehiagotan ikusiz geroz, gehien gozatzen eta antzeman daitekeen alorra. Ikusleari erantzunak oparitzea, ez zen Fincherren helburua izan inondik inora ere, filmeko sekuentzia, akzioa eta segundo bakoitzean oharkabean pasatzen diren ñabardura horiekin guztiekin, ikusle bakoitzak bere puzzle propioa sortzea baizik.  Ez dio axola zergatik hil zituen Zodiacek pertsona horiek. Are gehiago esango nuke, bost axola benetan erantzulea izan zen ala ez. Garrantzitsuena, Fincherrek honekin guztiarekin esan nahi zigunaz jabetzea da: bizitzak ez digu inolako ziurtasunik eskaintzen, edozein gertaera interpretatu daiteke eta justizia bi ahoko ezpata da. ‘Zodiac’, garai konkretu bateko ezjakintasunari eta ziurgabetasunari buruzko metafora moduko bat dela pentsatu izan dut beti.

Hiltzailearen helburua desbideratzen du, eta bere benetako kritika, sortu duen gizarte horrekiko dela uste dut,  non ezberdina dena gutxiesten eta arbuiatzen den, harekiko inolako enpatiarik edo ulermenik egon gabe, eta batez ere portaera horrek bere garapen mental egokirako izango dituen ondorioetan pentsatu gabe. Azken finean thrillerraren mugak gainditzen dituen filma dela uste dut, garai bateko herrialde baten erretratu ahalik eta leialenean bihurtzeko, non trantsizio ideologiko eta intelektual betean dagoen.  60ko hamarkada amaieratik San Frantzisko hiria izutu zuen hiltzaile batek egindako krimenetatik abiatuta, azken hamarkadetan AEBtako gizarteak izan duen beherakada izugarria irudikatzen du. ‘Zodiac’ maisulanak, austeritatearen bidetik serieko hiltzailearen berrasmatzea ekarri zuen. Fincher eta James Vanderbilt gidoilaria (Robert Graysmithen liburuan oinarrituz) hilketei buruzko xehetasun guztiez elikatu ziren kontakizun errealista, gordina eta soila eraikitzeko.

Netflixen daukazue ikusgai.