[Gomendioa] Ófærð: izozturiko Agatha Christie islandiarra
'Bron/Broen' eta 'Forbrydelsen' telesailek duten iluntasun horren printzak ditu, baina baita 'Fortitude' edota 'Fargo'k erabiltzen zuten klaustrofobia eta klimatologia gogor une horiek ere. Nordic noir eta Agatha Christieren artekoa hibrido bat bezala definituko genuke.
ZERGATIK IKUSI
• Gertutik jarraitu beharreko aktore berri bat ezagutuko duzulako: Olafur Darri Ólafsson. Hollywooden paper txikietan azaldu da dagoeneko, True detectiven lehenengo denboraldian, esaterako edota Quarry telesailean. Bere herrialdean, Gérard Depardieu islandiarra bezala ezagutzen dute jada.
• Traman, ezinbesteko beste pertsonaia bat ageri delako: Islandiako naturaren indar ikaragarria, neurri batean, argazki zuzendaritza eta soinu banda bikainari esker lorturikoa. Egoera meteorologiko gogor eta latz baten menpe, akzio guztia izozturiko hamar egunetan zehar igarotzen da. Ikusleari gutxitan ikusitako hotz sentsazioa sorraraziz.
• Bron/Broen eta Forbrydelsen telesailek zuten iluntasun horren printzak dituelako, baina baitaFortitude ala Fargok erabiltzen zuten klaustrofobia eta klimatologia gogor une horiek ere. Nazioartean, "Nordic noir eta Agatha Christieren artekoa hibrido bat" dela diote. Ados.
• Islandieraz, danieraz eta ingelesez errodaturik egoteak, sekulako aberastasuna ematen diolako telesailari. Beraz, beti bezala, jatorrizko hizkuntzan ikustea ezinbestekoa. Hori bai, pertsonaien izenekin ez nahasteko, bolaluma eta koadernoa erabiltzea zinez gomendatzen dizut.
BITXIKERIAK
• Telesaila nazioartean ezagutzera emateko, Trapped (harrapatua) izenburua aukeratu dute.
• Lehen begiradan, 300 mila biztanle inguru dituen herrialde honek pantaila txikiaren industrian zeresana emango zuenik ezinezkoa zirudien. Baina datuek, ordea, kontrakoa diote: Frantzian eta Ingalaterran sekulako audientzia mailak izan ditu, Irlanda eta Alemaniako telebista kateek aireratze eskubideak bereganatu dituzte. Baina agian, datu ikaragarriena bere herrialdean lortu du, Islandian, azken atal bikoitzak %90eko share harrigarria izan baitzuen
• Apustu ausarta izan zen ekoizleentzat. Hilabetez, Islandiako Ipar-ekialdeko fiordo bateko Seydisfjoduk herri arrantzalean errodatu baitzuten, klimatologia oso gogorrari aurre eginez. 6,5 milioi euroko aurrekontuarekin, ekoizpen islandiar batek normalean izaten duen aurrekontua sei aldiz biderkatuz. Herrialde horretan sekula errodatu den fikziorik garestiena da.
___________________________
Urtea: 2016-2019
Sortzailea: Baltasar Kormákur.
Herrialdea: Islandia.
Denboraldiak: Bi.
Atal kopurua: 10 atal bakoitzeko
Non ikusi? Movistar plataforman