[GOMENDIOA] 'THIS IS SPINAL TAP': TALDE HAU EZ DA EXISTITZEN ALA BAI?

Heavy metal talde faltsu baten dokumental are faltsuagoa da "This Is Spinal Tap". Rob Reiner-en zuzendaritzapean 1984an estreinatutako pelikula honek umorez kritikatzen du musikaren industrian ematen diren gehiegikeriak eta egoera absurdoak.

This Is Spinal Tap-ek hainbat eta hainbat barre momentu ditu. Horietako batean, taldea agertokira abiatzen da tunel batetik, zaleak euren estadio rockarekin liluratzeko prest. Zaleak entzuten dituzte oihuka, antsietate betean, saltoka eta kantuan hasteko prest... baina ez dakite agertokira nola iritsi eta bidean galtzen dira.

Pasilloetatik noraezean, antzokiko langile bati galdetzen diote bidea, halere berriz galtzen dira tunelen labirintoan. Istorio erabat absurdoa da, baina hain zuzen, horregatik edozeini gerta lekiokeena. Hori da dokumental faltsu honen gakoa, absurdotik errealitatea zehazki islatzen dutela. Zeren, dakigunez artista askori gertatu zaie antzeko pasadizoren bat: Jimmy Page, Ozzy Osbourne, Bob Dylan... haatik, eszena konkretu hau Tom Petty-ri gertatutako anekdota batean oinarrituta dago. Alemaniako kontzertu batean galdu egin zen, eta agertokian azaldu beharrean, tenis pista batean azaldu zen.

Pertsonalki, This Is Spinal Tap da musikaren munduari buruz ikusi dudan dokumental “faltsu” onena (barkatu, Almost Famous). Ez naiz bakarra, 1984an estreinatu zenetik urtero zale berriren bat gehitzen baitzaio, kultuzko pelikula etiketa eskuratzeraino iritsiz.

Rock talde batean noizbait egon denak badaki dokumentalean azaltzen diren esajerazioak ez direla horren esajerazio. Rock izar donetsiek ere badakite hori. Eddie Van Halen-ek diotenez, pelikula lehengoz ikusi zuenean ez omen zuen barre algara bakar bat ere jaurti. Serioski zera komentatu omen zuen: Honek ez du batere graziarik. Guzti hau noizbait pasatu zait niri. The Misfits eta Dokken taldekoak sinistuta zeuden beraien taldean oinarritu zirela pelikula sortzerako garaian.

1984an estreinatu zenean, ikusle askok (batez ere ikusle amerikarrek) pentsatu zuten benetako talde britainiar batean oinarrituta zegoela pelikula. Spinal Tap taldeko aktoreak musikariak ziren bizitza errealean ere eta profesionalki birak egindakoa. Beraien esperientzia propioetatik atera ziren filmeko hainbat gag. Spinal Tap-eko izarrek (Christopher Guest, Micahel McKean, Harry Shearer) pelikulako kantuak interpretatzeaz gain, beraiek izan ziren abesti horien egileak ere Reiner zuzendariarekin batera.

Halere, Spinal Tap historiako fikziozko talde onenen artean jartzea ez da erabat zehatza. Gezurrezko taldeek ez baitute Wembley edota Royal Albert Hall bezalako lekuetan jotzen milaka zaleren aurrean. Pelikularen arrakastak Spinal Tap talde erreal batean bihurtu zuen, hiru disko argitaratzeraino iritsi ziren eta Euroa eta Ameriketan barna bira gutxi batzuk ere egin zituzten. Musikazalea bazara ziur ezagutzen zenuela jada dokumental hau. Hala ez bada zin dagit izugarri gustatuko zaizula eta musikazalea ez bazara, beharbada hau ikusi ondoren heavy zale amorratua bilakatuko zara, nork daki. Ziur dakidan bakarra da izugarri gozatuko duzula errealitatetik hain hurbil dagoen fikzio honekin.