[GOMENDIOA] 'The Victim' : Zaldi zauritu baten begirada dauka gauak

BBC katearen 'The Victim' telesail berria, gomendagarria baino, ezinbestekoa dela esango nuke . Lau ordu irauten dituen emozioen zurrunbilo batean murgilduko zaituelako. Aipamen berezia aktoreen lanari eta elkarrizketek garraiatzen dituzten tentsio, misterio eta une dramatikoei. Nor da biktima oso gaizki funtzionatzen duen sistema baten barruan?

Sleeper Hit-a, literalki, loti arrakastatsua bezala itzulia, film, telesail edota abesti bati jartzen zaion etiketa izaten da, promozio eskasa izan arren, pixkanaka, ahoz-ahokoaren eraginez askotan eta era progresiboan, sekulako arrakasta lortzen duena. 2019ko Sleeper Hit-a, The Victim telesaila izango del apustu egingo nuke.  Lau ataletan banaturiko drama xurgatzaile, gogor eta bikain honek, ume baten hilketaren inguruko kasu latz eta hunkigarri bat ardatz hartuta, Eskoziako sistema legalaren prozeduren inguruko ikuspuntu oso interesgarria eta mamitsua eskaintzen baitu. Eztabaidarako uneak sortzeaz gain, mahai-gainean, era ausartean kokatzen dituen hainbat gai polemiko ere jorratzen ditu.  

Edinburgh hirian kokaturiko thriller-dramatiko hau, Anna Dean-en irudian zentratzen da batik bat. Orain 15 urte hil zuten bederatzi urteko ume baten ama. Gakoa zein da? Ume hori, beste adin txikiko batek hil zuela, eta ondorioz urte gutxi batzuk erreformatorio moduko batean igaro ostean, gobernuaren babespean, nortasun berri batekin ekingo diola bizitzari. Urte guzti horietan zehar, Annak hiltzailearen nortasuna eta kokalekua ezagutzeko gurutzadari ekingo dio. Annaren desesperazio horrek Craig Myers izeneko gizonezko baten aurrean kokatuko du. Bera da hiltzailea ala sare sozialen erruz gizarteak epaitu duen pertsona errugabea da? Zuk deskubrituko beharko duzu!

Hortik aurrera era ia perfektuan eraikitako estruktura narratiboa topatuko duzu, ileak puntan eta negar malkoz bustirik jartzeko gai diren azken 15 minutu latzekin amaitu arte. Era honetako ekoizpen batek izan beharko lukeen, zorroztasun, zehaztasun, inteligentzia eta talentuaren adibide bilakatu da.  Askotan, telesail desberdinetan banandurik topatu ditzakegun ezaugarri horiek, hemen modu bikainean uztartzen jakin izan baitute.

Aipamen berezia jakina, aktoreen lanari, bereziki Kelly MacDonald ezagunak eskaintzen duen erakustaldiari eta ezagutzen ez nuen James Harkness aktoreak, Craig Myers pertsonaia maisuki gorpuztuz. Jatorrizko hizkuntzan ikusten baduzu gainera -hala izatea espero dut- azentu eskoziar zoragarriaz gozatzeko aukera ere izango duzu.
Biktima izatea zer den, biktima izatea zer suposatzen duen eta biktima izatearen mugak non kokatzen ditugun azaltzen duen lan aparta. Nor da biktima oso gaizki funtzionatzen duen sistema baten barruan?  "Zaldi zauritu baten begirada dauka gauak, utzidazu maitatzen" dio Berri Txarraken abesti baten letrak. Horixe.