[Gomendioa] Rammstein - “Mutter”

Badira diskoak urteak pasata ere, atzo bertan argitaratu zirela diruditenak. Rammstein taldearen "Mutter" diskoarekin horixe pasa zait. Entzuten ari nintzen bitartean zein urtetako zen begiratu behar izan dut eta harritu egin nahi 2001ekoa dela ikustea!

Rammstein, metal munduan, azken 20 urtetako talderik garrantzitsuenetakoa da, eta alemanez abestuta gainera! Mutter (ama alemanez) egun euren maisulantzat jotzen dute askok eta ez da gutxiagorako. Ekoizpen bikaina du diskoak, guztia behar duen tokian dago eta behar duen bezala iristen da entzulearen belarrietara; lehentasuna emanez gitarra eta ahotsei, nahiz eta, euren alde industriala ez duten ahazten. Izan ere, taldearen joera elektronikoa ere behin baino gehiagotan da protagonista. Rammstein taldeaz gozatzeko osagai guztiak ditu beraz, lanak. 

Mein Herz Brent (Nire bihotza sutan dago) intro kitzigarri batekin hasten da, emozioz betetako bidaia izango dela abisatu nahiko baligu bezala. Bateriaren errepika suntsitzaile batekin hausten da abestia eta ondoren, erabat distortsionatutako riff-ak entzun ahal dira, erakutsiz gitarrek agintzen dutela hemen. Epikaz beteriko abestia da, zauden tokitik altxatu eta burua hastitzen hasteko gogoa ematen dizuna. Sekulako energia txutea!

Links 234 (ezkerra 2, 3, 4)kantua martxa militar batekin hasten da eta aurreko abestia baino tempo azkarragoan jarraitzen du. Ondoren, Sonne (eguzkia) dator. Beharbada diskoko abestirik ezagunena. Taldeak ohikoa duen hotsandiko koroak azaltzen dira bertan, eta horrek agian publiko zabalagoarengana iristeko kantu bilakatzen du, nahiz eta riff nagusiak dudarik ez duen uzten metal talde baten aurrean gaudela. 

Alemaniarrek pertsonarik lasaiena ere motibatzeko ahalmena dutela argi geratzen da Ich Will (nahi dut) kantuarekin. Duen bateria erritmoa latza da eta riff-a ezin sinpleagoa, inozoa iruditzeraino; baina garunera itsasten da eta ez dago atzera bueltarik. Berdina esan genezake Feur Frei! (surik gabe) abesti azkarraz ere, alderik metaleroena erakusten duena delarik “Adios” (agur) abestiarekin batera. 

Une pausatuago eta barnerakoiagoak ere badaude diskoan ordea, bi aldeen arteko oreka perfektua lortuz. Horren adibide da diskoari izena ematen dion Mutter abesti sentitua. Till Lindemann-en baritono ahotsa behar bezala apreziatzeko aukera paregabea eskaintzen du gainera!

Argi dagoena da, edozein metal zalek gustura entzuteko diskoa dela, eta baita aurreiritziak baztertuz musikazale orok ere!