[GOMENDIOA] Oraindik ez duzu 'Bron/Broen' telesaila ikusi?

Europa iparraldeko hotzetik datorren beste ‘noir’ telesail zoragarri bat. Pertsonaia eta trama sakonak euskarri gisa erabilita, gizarte kritika burutsua egiten duen lana da 'Bron/Broen'. Telesail honen berri askotan izan duzun arren, zergatik ez zara ikustera ausartu?

Suedia eta Danimarka lotzen dituen Oresund zubian hasten da istorioa -lehen denboraldia-. Zubiaren erdi-erdian hilotz bat agertzen da: gorpuaren erdia Danimarkan, beste erdia Suedian. Hala, bi aldeetako poliziak elkarlanean aritu beharko dira. Eta hortxe azaleratuko dira bi herrialdeen arteko desadostasun eta gaizki-ulertuak, saguaren eta katuaren arteko jolas makabroa loratuz. Oso interesgarria egin zait ezagutzen ez nituen bi herrialdeen arteko desberdintasun kultural eta politikoak pantailan ikustea. Bi hizkuntzatan filmaturik egoteak kontraste hori modu sotilean azpimarratzen du, eta ironiari ere tartea ematen dio.

Pertsonaiak

Telesailaren oinarri sendoetako bat bi protagonistak dira -hurrengo denboraldietan berriak egongo diren arren-; ezin desberdinagoak, baina era berean bateragarriak. Martin polizia danimarkarra da, seme-alaba ugari dituen familiako aita, zintzoa, eta, batez ere, egoeraren arabera azeleragailua ala balazta zapaldu dakiena. Saga Noren polizia suediarra, aldiz, emakume bakarti eta bitxia da, Asperger sindromearen eraginez besteekin erlazionatzeko arazo larriak dituena eta lanarekin erabat itsututa bizi dena.

Telesailak hasieratik jolasten du pertsonaien garapenarekin, arazo pertsonalak gainditzea eta kasuak aurrera egitea uztartuz. Hala, ikusleak memento oro bi detektibeen ikuspegitik bizitzen du, ikerketaren partaide zuzen bilakatuz. Bi protagonistek tandem perfektu-inperfektua osatzen dute.

KRITIKA

Bestalde, genero beltzaren DNAren parte den gizarte kritika bortitza ere egiten du, idealismo politikoak saihestuta. Ongizate estatuaren adibidetzat ditugun herrialde nordiko horietan ere desberdintasunak eta arazoak daudela azaleratzen du. Gakoa da mezu hori tramaren barnean modu zitalean barneratuta dagoela. Eta, noski, musika eta argazkia baztertu gabe, gaiari itsatsirik doakion beharrezko estetika ilun eta astuna ezin egokiagoa da. Zentzu horretan,Bron/Broen bikaina da, biribila.

BITXIKERIAK

– Bron/Broen oinarri hartuta hiru remake egin dituzte: The Bridge estatubatuarra (oso gomendagarria), The Tunnel ingelesa eta egokitzapen libreagoa den arren, 2019an Alemanian estreinatu duten beste bat.
– Saga Norenek 1977ko Porsche 911S kotxea gidatzen du. Interneteko foroetan eztabaida handia dago hamarkada hartan AEBetatik Suediara inportatu ote zen zalantzan jarriz.
– Saga Norenek duen Asperger sindromea hainbat telesailetako pertsonaietan ikusi dugu aurretik: Sheldon Cooper (The Big Bang Theory), Dexter, Monk, Sherlock edota House kasu.
– Eskandinaviako telebistan aitzindari izan da, Danimarka eta Suediako ekoizleen artean sortu eta finantzatu den lehen telesaila izan baita.
– Danimarkarrez, ‘Hej’ (‘Hi’ ahoskatzen da) hitzak ‘kaixo’ esan nahi du. Hitz bera bi aldiz errepikatuta, aldiz, ‘agur’ esaten da.

_______________________________________________

Urtea: 2011-2018.
Sortzailea: Hans Rosenfeldt.
Aktoreak: Sofia Helin, Kim Bodnia, Dag Malmberg, Puk Scharbau, Emil Birk Hartmann, Rafael Pettersson, Anette Lindbäck.
Herrialdea: Danimarka eta Suedia.
Denboraldiak: Lau denboraldi. 
Atal kopurua: 60 minutuko hamar atal denboraldiko.


Beraz, ozen, argi eta garbi esanda: Nobela beltzaren, ikerketa polizakoen eta krimenen zale zaretenok ez galdu mesedez ezinbestekoa den telesail zoragarri hau!