[Gomendioa] Nick Drake - “Pink Moon”

“Pink Moon” (1972) Nick Drake-en hirugarren diskoa izan zen, hirugarrena eta azkena. Gazte hil zen, merezitako aitorpenik gabe. Hil ondoren arte gutxik entzun zuten artista horietako bat izan zen.

Alta, jada 20 urterekin Island Records diskoetxearekin sinatu zuen bere lehen diskoa kaleratzeko. Hala ere, bere osasun mental kaskarrak asko mugatu zituen publikoarekin eta komunikabideekin izan zituen elkarrekintzak. Honi gehitzen badiogu gazte hil zela, hil ondorengo artista bikainaren kondaira osatua dugu. Kondaira horietan, honen lehen diskoa goraipatu ohi da maisulan bezala. Drake-n kasuan ordea, bere azken diskorako utzi zuen onena. Bere azkenerako. Nork daki, beharbada guztia programatua zuen…

Hala izan zen ala ez, ez dugu sekula jakingo, baina Pink Moon abestiko lau bertsoak, eta ahotsa zein musika errai berdinetatik ateratzen direla dirudien melodia, nahikoak izan ziren abesti bikain bat sortzeko. 

Jazz ukituak erabat baztertu zituen disko honetan Drake-k benetan egin nahi zuena eginteko, behingoz. Gehien definitzen duen diskoa da dudarik gabe. Hala ere, gutxien saldu zuen zuena ere izan zen bere hiru lanetatik (bera hil aurretik 5.000 kopia inguru besterik ez zituen salduak). Diskoetxeak beregan fedea galdua zuen jada, Drake-k ez baitzuen promozio lanetan kolaboratu nahi, ezta elkarrizketak eskaini ere, ia zuzenekoetan ere ez zuen aurkeztu diskoa. Horren ondoren Drake-n garai pertsonal zailena hasi zen, bere heriotzarekin amaitu zena.

Kritikak ez zituen, oro har, bere azken hamaika abesti horiek aprezio handiarekin jaso. Egun oraindik Five Leaves Left eta Bryter Later diskoek prestigio handiagoa dute, nahiz eta ia musikazale gehienok Drake-kin dugun harreman emozionala Pink Moon diskoarekin hasten den. Place to Be abestiko bertso pausatu eta gordinetan edo Road bezalako abestietan, non arima zeharkatzen dizuten autobide emozional bat bazina bezala. Kantautore bezala bada ere ezagun Drake, gitarra izugarri ondo jotzen zuen melodia ederrak atereaz instrumentuari; horren adibide da diskoko Horn abesti instrumentala.

Pieza honen soiltasunaren ondoren dator Things Behind the Sun, testu gogor eta luzeenarekin. Know eta Parasite abestietan izugarri zaurgarri azaltzen da, guztiarekin nazkatuta. Izan ere, izugarri lotsatia zen eta arazoak zituen sozializatzerako garaian, non bere harreman estuena sustantziekin zuen. Ez zuen bere lekurik aurkitzen munduan. 

Hau guztia izugarri ondo islatzen du Pink Moon diskoak. Artista gutxi biluztu dira Drake disko honetan biluztu zen moduan. Bere legenda, bera hil ondoren jaio zen, berak gozatu aurretik. Alta, ziurrenik, arrakastaz inguratutako bizitza batean Drake ez zatekeen eroso sentituko. Beharbada amaiera berdina izango zen. Espekulazioak dira ordea, Drake-ez dugun egia bakarra From the Morning bezalako abestietan ezkutatzen da, eta eskerrak ematea baino ez zaigu geratzen eskaintzen dizkigun emozio eta zintzotasunagatik.