[Gomendioa] 'El año del descubrimiento' dokumentala
Urteko dokumentalik ez komertzialena, baina urteko dokumentalik beharrezkoena ziurrenik. Neoliberalismoak gure gizartea nola eraldatu duen eta gizabanako gisa nola aldatzen gaituen erakusten digun lan txundigarria. Zaila ez, ezinezkoa iruditzen zait dokumental honek ikuslearengan lortzen duen eragina hitzen bidez adieraztea, baina saiatuko naiz.
Dokumentaltzat hartu arren, genero zehatz baten barruan nekez sailka daiteke lan hau; irakurketa geruza asko dituen ikus-entzunezko esperimentu baten aurrean gaudela esatea iruditzen zait zuzenena.
Testuingurua aipatuz hasiko naiz. 1992.urtean funtsezko bi ekitaldi gertatu ziren Espainian: Bartzelonako Joko Olinpikoak eta Sevillako Nazioarteko Erakusketa, Amerikako aurkikuntzaren V. mendeurrena ospatzearekin lotuta. Felipe Gonzalez PSOEren agintera igo eta hamar urtera, Espainia, nazioartearen aurrean, “herrialde eferbeszente, moderno eta zibilizatu gisa” agertzen dan eta “etorkizuneko munduko potentzia ekonomikoa” bezala. Cartagenan bestalde, lantegien itxieragatik eta desegite industrialagatik izandako istilu eta protestek, indarkeria maila gero eta handiagoa eragiten dute, eskualdeko parlamentuak molotov koktelekin piztutako sutearekin amaitu arte.
Hori guztia irakurrita, artxibo irudiz osaturiko dokumental historiko bat ikusiko duzula pentsa dezakezu, kronologikoki muntatua, protagonisten elkarrizketak tartekatuz eta guztiaren errepasoa eginez. Ahaztu hori guztia. Testuingurua hori da bai, baina 3 ordu irauten dituen esperimentu honetan ez duzu halako konbentzionalismo narratiborik ikusiko, ez, behintzat, ohikoa dena. Ikus-entzunezko esperimentua dela nahita aipatu dut, hala iruditu zaidalako.
López Carrasco zuzendariak gidoia harilkatzeko erabili duen forma, kontakizuna, pertsonek eta pertsonekin izandako elkarrizketen bidez mugitzean datza. Narrazioa elkarrizketen gainean eraikia dago. Pantaila erdibitu eta batzuetan bi elkarrizketa batera. Horietako batzuk argigarriak dira, beste batzuk langile klaseko jendearen arteko elkarrizketa arruntak. Batzuek iraganaz hitz egiten dute eta beste batzuek orainaz. Batzuek itxaropen-maila altua erakusten dute, eta beste batzuek sutsuki adierazten dute zirkunstantziek gero eta baztertuagoa duten gizarte-talde baten etsipena.
Zinemagile gisa dituen arma guztiak erabiltzen ditu gertaera haren eta ondorioen erretratu koral bat aurkezteko. Hasteko, bere aurreko film luzearekin (El futuro) lotzen du, tabernan edaten duten bitartean hitz egiten duten gazte talde bat grabatuz. Film hartan bezala, ez gara gai elkarrizketa osoak entzuteko, eta musika, altua eta desitxuratua, ahotsekin nahasten da, ulertezin bihurtuz, deserosoa esango nuke. Musikaren aukeraketa ez da kasualitatea, 1992ko musika da. Hi8 bideo formatuan grabatutako egotea ere ez da kasualitatea. El futuro dokumentalean gertatzen zen bezala, ikusten ari garena orainaldian ala iraganean gertatzen ari den planteatzen baitigu dokumentalak.
Bide eta forma berezi hau erabiliz, "zer" eta "nola" elkarrekin bat egin dezaketenaren beste adibide paregabea iruditu zait. Muntaiatik hasiz adibidez: une eta hitz zehatz bakoitzaren aukeraketarekin, kokatze eta mihiztatze lan ikaragarria dagoela nabari da. Protagonisten hitz zehatzetatik mezu konkretuak ateratzeko intentzioz eraikiak. Dokumentalak hiru ordu irauten dituen arren, ez dela ezer falta eta ez dagoela ezer soberan sentsazioarekin amaitzea harrigarria iruditu zait.
Umiltasunetik, txikitik, azaltzea lortzen duen dokumental harrigarria iruditu zait; tabernako barran dagoen ezezagun baten keinu batetik hasi, zigarro baten zupadatik jarraitu eta bi amets errepikakorrekin amaitu arte. Liluragarria ekoizpen honen atzean dagoen lana eta istorioa kontatzeko aukeratu duten forma.