[Gomendioa] Biffy Clyro - "Only Revolutions"
Uda zen disko hau kaleratu zenean. Oso gogoan dut; oraindik ez nuen smartphone-ik eta diskoari lehen dastaketa emateko Emule-tikdeskargatu nuen. Bada, 11 urteren ondoren, nire disko kuttunenen artean jarraitzen du eta nire binilo irakurgailuan oraindik ere buelta asko ematen ditu.
Disko hau atera baino hilabete batzuk lehenago maitemindu nintzen eskoziarren Puzzle maisulanarekin. Bizitzaren argi-ilunak ederki islatzen dituen disko gordin bezain itxaropentsua zen. Erabat liluratuta nengoen nire aurkikuntzarekin. Orduan iritsi zen Only Revolutions eta beste disko bikain honen ondoren nire talde kuttunenen zerrendara igaro ziren ezinbestean. Gerora hanka sartze batzuk egin badituzte ere, oraindik zerrenda horretan mantentzen dira, zenbat momentu on bizitu ditudan disko honen bueltan! Horregatik bakarrik nire begirune guztia dute.
Puzzle diskoak mainstream-era zirrikitu bat ireki zuen eta Only Revolutions-ek komertzialaren eta underground-aren arteko oreka perfektua lortu arazi zien hirukoteari. Izan ere, zerbait itsaskorra edo salgarria izateak ez du esan nahi txarra denik, 7 minutuko abesti guztiak onak ez diren bezala. Beraz, entzuleon aurreiritziak ukabilkada batez eraitsi zituzten esango baligute bezala garrantzitsuena abesti onak direla, eta beste ezer ez duela axola. Agresibitate mailak jaitsi eta arintasun pop baikor baten alde egin zuten hemen, bi munduen arteko kontrasteekin lan bikaina osatuz.
That Golden Rule bezalako abestietan euren hastapenetako agresibitatea azaltzen da, bainoa oraingo honetan dotorezia ere zainduz. Bubble abestiko leloa aho-korapilo itsaskorra da, Josh Homme handiaren gitarra soloa barne! Born a Horse dibertigarrian The Vertigo of Bliss laneko eromean berreskuratzen dute erritmo bitxi eta letra are eta bitxiagoarekin. Alabaina, oro har, tempoa asko jaitsi zuten eskoziarrek disko honetan; alta, kalitatea oso goian mantentzen dute. Many of Horror balada progresiboa horren adibide garbi da. Xuxurla batez hasi eta distortsio eztanda ederrean amaitzen den abesti bikaina.
Esan beharrik ez dago, disko honekin estadioetara saltoa ematea lortu zuela taldeak, euren zale kopurua bikoiztuz. Egun, Erresuma Batuko talderik ezagunenetakoa dira eta ordutik horren lan biribilik argitaratu ez badute ere, euren disko bakoitzean beti beti aurkitzen dira merezi duten zenbait kantu. Beraz, aurreiritzirik gabeko rock abesti biribilen bila bazabiltza Only Revolutions lanak ez dizut hutsik egingo!