Gogor joko dute!

Festak eta musika elkarren besotik helduta joan ohi dira beti. Izan ere, ba ote dago musikarik gabeko jairik? Ez horixe! Hona hemen festaz festa ibiliko diren zenbait euskal talde.  


Alaitz eta Maider izango da jaietako bikote entzunenetako bat. Oiartzuarrek duela gutxi karrikaratu dute disko berria, eta "Kontrolatua daukat" eta "Ez dizut esango" kantuek udako "hit parade"-ak bihurtzeko aukera dute. Dena den, lortuko al dute "Amets baten truke" abestiarekin duela urte batzuk lortutako arrakasta?

Gozategi
hirukotea ere jo eta ke ibiliko da aurten –Hazparnen, Laudion, Itsasun eta Ziordian izatekoak dira, besteak beste-. Hala ere, nabarmentzekoa da irailaren 6an Kataluniara txangoa egingo dutela, Lleidako Castellsera-ra, hain zuzen. Katalanek ulertuko ote dute "Emoxtasu muxutsue" abestiaren mezu subliminala? Bueltan, horixe galdetu beharko diegu gozategitarrei.

Skalariak
taldearen udako agendan ere ez dago ia txokorik. Gasteiztarrek makina bat kontzertu eman behar dituzte Euskal Herritik kanpora, horietako gehienak Kataluinan, baina Suitzan ere aritzekoak dira, Peace-Mountain Open Air jaialdian.  

Ekon
da kontzertu asko izango dituen beste talde bat. "Salatzen dut" izeneko hirugarren diskoa atera berri, arrasatearrak gelditu gabe dabiltza maiatzetik hona. Doinu gogorrekin jarraituz, indartsu ibiliko da, halaber, Pilt taldea. Mungiarrek joan den hilean karrikaratu zuten "Minus" izeneko hirugarren diskoa, eta Euskal Herrian ezezik, Madrilen eta Valentzian aurkeztekoak dira.

Soziedad Alkoholika
-k ere uda indartsua izango du. Gasteiztarrek gehiago joko dute Euskal Herritik kanpo gurean baino. Esaterako, Burgosen, Errioxan, Valentzian, Gaztelan eta Kanaria uhartetan aritzekoak dira. 

Sen
taldea udako hilabeteez baliatuko da "Gaizki esanak…" disko berria Euskal Herria osoan aurkezteko. Euren udako agenda bete-betea dago, eta ia astebururo nonbait aritzekoak dira. Non? Altsasuan, Ibarran, Atarrabian, Sopelan, Diman, Bilbon, Uztaritzen, Zubietan eta Donostian, esaterako.

Doctor Deseo
taldearen zaleak ere pozik ibilko dira festetan; eta ez soilik jaiak desioetan doktoratutakoen topaleku direlako, bizkaitarrek euren disko berria aurkezten jo eta ke ibiliko direlako baizik. Andoainen, Sopelan, Gasteizen, Sodupen, Laudion… Francis-en mutilek irakiten jarriko dute giroa.

Kaotiko
taldeari kasu eginez gero, aldiz, uda kaotikoa izango da oso. Aguraindarrek kontzertu asko dituzte hitz emanda Euskal Herritik kanpora –Madrilen, Burgosen eta Bartzelonan, esaterako-, baina gurean ere aritzekoak dira. Gora Aguraingo punk harrobia! 

Marea
taldekoak abilak dira musu kontuetan, bai behintzat apirilean kaleratu zuten disko berriaren izenburuari kasu eginez gero, behintzat: "Besos de perro". Musu gogorrak dira, baina. Laztanok ezagutu nahi badituzu, Gasteizen izango duzu aukera, abuztuaren 8an. Gainontzean, guretik urrun samar ibiltzekoak dira nafar hauek: Madrilen, Cuencan, Tintorock festibalean…

Berri Txarrak
nafarrak ere harat eta honat ibiliko zaizkigu. Diman, Errekalden, Mutiloan, Gasteizen eta Valentzian kontzertuak ematekoak dira, besteak beste.

Eta Su ta Gar? Bada urtero bezala, jo eta ke, irabazi arte. Bizkaian kontzertu zerrenda luzea izango dute: Larrabetzu, Bedia, Amoroto, Fruniz… horrez gain, Burgos eta Asturias aldean ere izango dira.

Urteroko matraka



Datozen hilabeteetan, ohi bezala, udako kantu oldea jasan beharko dugu. Badakizu, primerako kantarien eta musikarien abestiak, kultur aniztasunari ekarpen paregabea egiten diotenak, globalizazioa-eta salatzen duten letrak… Zein kantu entzungo ditugu? Horra hor zenbait: Chayanne saihestezinaren “Torero”, Rosa Espainiako sex-simbol berriaren “Iurop"s libin a xelebreixion”, Merche-ren “No me pidas más amor” merenge zaporeduna, La Banda del Capitan Canalla-ren “Bicho malo pillé” lotsagarria, David Civera-ren “Que la detengan”… A zer matraka!