'Go!azen'-en audioliburuak EITBPodkast atarian
Jasone Osoro idazleak idatzitako lau liburuak daude entzungai, telesaileko aktoreen ahosetan.
Jasone Osoro idazleak Go!azen unibertsoaren barruan sortutako liburu-sortako lehendabiziko lau aleak EITBPodkast atarian jarri dituzte entzungai. Audioliburuak atalean zintzilikatu dituzte lau audioak. Telesaileko aktoreek eurek egin dute ahozko kontakizuna EITBPodkast plataformarako.
Lehen liburua, Iritsi gara! izenekoa, Lorea Intxaustik irakurri du eta Basakabira bidean doazen gaztetxoen abenturei buruzkoa da. Errepidean kamioi bat gurutzatu da eta auto-ilarak sortu ditu, errepidean doazenen bizitzak ere gurutzatuz. Bigarren audioliburua, Eiderren egunerokoa, Eiderren papera egiten duen Esti Lopezen ahotsean dago, eta osasuntsuak ez diren bikote harremanak ditu gaitzat.
Hirugarrena, Maddiren amona influezerra", Danae Riañok kontatua da. Maddik amonaren etxean pasa behar izan du itxialdia eta, denbora-tarte horretan, amona sare sozialetan trebatuko du eta honek gazte garaiko mutil-lagunarekin topo egingo du sareei esker. Azkena, Asteburu bat eskiatzen, Asier Burguetek irakurri du. Bertan, Basakabiko lagun-taldeak eskiatzera asteburu pasa joatea erabakiko dute.
