'Go!azen 10' telesaila aurrestreinatuko da gaur eguerdian PRIMERAN plataforman
Jabi Elortegik telesailaren inguruan egindako dokumentala ere estreinatuko dute bertan.
Jende aurreko aurrestreinaldiak egin ondotik, gaur, 14:00etan, aurrestreinatuko da Javier Garcia de Vicuñak eta Itziar Gomezek zuzendutako Go!azen telesail musikalaren hamargarren denboraldia Primeran streaming plataforman. Denboraldi honetan ehungarren atalera iritsiko dira eta, aitzakia horrekin, Javi Elortegik egindako dokumentala ere argitaratuko dute leku eta ordu berean.
EITBk aurreratu duenez, Basakabin aktore eta pertsonaia berriak izango dira denboraldi berrian: Marina Ostolaza (Noa), Haizea Astrain (Lea), Xabi Elizalde (Aner), Ander Ayerza (Bosko), Unai Arana (Mattin), Unai Arrieta (Urtzi) eta Nerea Arriola (Maitane). Horiekin batera, aurreko urteetan protagonista izandako Nerea Elizalde (Garazi), Mikele Arizkorreta (Saioa), Maria Redondo (Zuri), Lorea Intxausti (June), Kimetz Etxabe (Gontzal) eta Andoni Agirregomezkorta (Oier) ere agertuko dira.
Gai sozialak jorratuko dituzte, eta umorea eta musika ere ez direla faltako adierazi dute. Honako taldeen kantuak entzun ahal izango dira, besteak beste, ataletan: ETS, Bulego, Zetak, Izaro, Berri Txarrak, Maixa eta Ixiar, Sagarroi eta Izaki Gardenak.
Gaur plataforman egingo dute aurrestreinua eta astebete geroago, azaroaren 17an, ikusi ahal izango da ETB1en. Hortik aurrera, ostiralero, aldi berean, izango da ikusgai Primeran plataforman, ETB1en, eitb.eus-en eta aplikazioan.