Gizatasunari ate joka

Gizatasunari ate joka Martxoaren 20an urte bat beteko da Europak ateak itxi zituenetik. Turkiarekin sinatutako akordioak azken hau konprometitu zuen bere kostaldetik EDO MUGA GURUTZATUTA Greziara iristea lortzen duten migratzaile guztiak bueltan hartzera. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/gizatasunari-ate-joka/@@download/image/6fac1ebf-ccb0-402d-ba44-cbee9e983198.jpeg
2017/03/20
erreportajea

Testua eta argazkiak: Igone Mariezkurrena

Martxoaren 20an urte bat beteko da Europak ateak itxi zituenetik. Turkiarekin sinatutako akordioak azken hau konprometitu zuen bere kostaldetik EDO MUGA GURUTZATUTA Greziara iristea lortzen duten migratzaile guztiak bueltan hartzera.

Gerratik ez ezik, miseriatik eta etorkizun ezetik ihesi ateratako milaka pertsona bizi dira Grezia eta Turkia arteko linboan pilatuta, ez atzera ez aurrera. Europarako ate nagusi berria uste zutena irtenbide argirik gabeko tranpa bilakatu dute agintarien arteko salerosketek. Kios irla greziarreko Souda kanpalekuan jasotako testigantzetako batzuk dira honakoak.

 

RABEE RISOUR
Damasko (Siria), 35 urte

"Grezia bere krisia finantzatzen ari da gu hemen edukitzearen truke jasotzen dituen diru-laguntzei esker, eta Erdoganek ere Europari xantaia egiteko erabiltzen gaitu: gizatasuna ukatu eta salerosketa-gai bilakatu gaituzte”.

Siriako Alderdi Komunistako kidea, ateoa, gizarte langilea (Damaskon lizentziatua) eta kontratista. “Bizi-maila ona nuen, bi etxe eta auto bat. Baina 2016ko urtarrilaren 7an Bashar al-Asaden Gobernuak preso hartu ninduen. Kartzelan nengoela, uniformea eta fusila ekarri zizkidaten: baldintzapeko askatasuna eskaintzen ari zitzaizkidan, frontera batzearen truke”. Lau hilabete eman zituen Rabeek Lataqia hiriko lehen lerroan, berriro ere espetxeratu zuten arte. “Al Qaedakoen anaiak eta Siriako Armada Librekoak eduki nituen pareko su-lerroan, banekien ez zirela onak ezta errugabeak ere, baina ez nintzen gai izan tiro bakar bat ere egiteko, ezin dut jendea hil. Nire gaineko baten batek salatu ninduen horregatik, eta berriro giltzapetu ninduten”. Presondegiko goi kargu bati 150 dolar ordainduta lortu zuen ihes egitea: “Tipo hark etxera joateko sei eguneko baimena igorri zidan baina, Damaskora itzuli ordez, Qamishli muga-hirira alde egin nuen, eta bertan bi hilabete baino gehiago eman nituen kurduekin ezkutatuta. Bi aste behar izan genituen gero Turkia oinez gurutzatu eta kostalderaino heltzeko”. Beste 65 lagunekin batera ontziratu zen Rabee Greziarantz. “Nabigazioaz deus ez dakidan arren, mafiakoek doako igarotzea eskaini zidaten ontzia neuk gidatzearen truke. Nire sakelako telefonoaren GPSaren esku utzi genituen gu guztion patuak”, dio ezin sinetsirik. Sei hilabete baino gehiago igaro dira ordutik, baina ez du lortu Kios irlatik irtetea. “Nire arreba hiritar britainiarra da aspaldidanik, eta anaia alemaniarra; badakit paperak mugitzeko esfortzu handia egiten ari direla handik, eta horrek adorea ematen dit. Beste askok, ordea, ez dute zorte bera izango”. Krisialdi honen balizko soluzio edo irtenbide batez galdetuta, zeharo ezkorra da: “Saudi Arabia eta Qatar ari dira diruz Siriako gerra hauspotzen; Ameriketako Estatu Batuak eta Europa batzuk eta besteak armaz hornitzen ari dira; Turkiako Gobernua, Anaia Musulmanak, Sirian altxatu diren muturreko milizia islamista guztien konplize dira... Denek dituzte eskuak zikin, baina inork ez ditu jolas zital honen ondorioak bere gain hartu nahi. Bien bitartean, Grezia bere krisia finantzatzen ari da gu hemen edukitzearen truke jasotzen dituen diru-laguntzei esker, eta Erdoganek ere Europari xantaia egiteko erabiltzen gaitu: diru gehiago eskuratu nahi duen bakoitzeko, ezikusia egiteko agindua ematen dio bere Poliziari, errefuxiatu-uholde berriak iristen direla ikusita Europak diru gehiago aska dezan. Gizatasuna ukatu eta salerosketa-gai bilakatu gaituzte”.

Rabee Risour al-Asaden alde gerrara batzera behartu zuten moduan, beste gizon gazte asko ere bortxaz errekrutatu dituzte Sirian gudan diharduten hamarnaka miliziek. Ohikoa da ihes egitea lortzen dutenek elkar berriz ikustea Europako mugako errefuxiatu kanpalekuren batean; frontean aurrez-aurreko su-lerrotik tiroka zebilena alboko denda edo barrakoian dago orain.

 

MOHAMMED ISAAC, MINA, SEME-ALABAK ETA EZKONARREBA
Shindand (Afganistan)

 

“Umeak ginenetik, gure auzoko gizon zahar batek mehatxatuta eduki izan du aita; ahizpa eta biok beretzat nahi gintuen, berekin ezkontzeko. Ezin izan dugu inoiz eskolara askatasunez joan edota kalean lasai ibili, bere beldur ginen”.

Quraishi familiaren hizkuntza dariera da, persieraren aldaera afganiarra. Soilik alabak dira ingeles apur bat lardaskatzeko gai, “kanpalekuko eskolan ikasi duguna”, harrotasunez erakusten dute koadernoa. Quraishitarrak bereziki zaurgarritzat ditu ACNUR-ek, eta horregatik egokitu die etxebizitza xume bat herrian, errefuxiatu kanpalekutik at; kide gehienak emakumezkoak direlako eta, gainera, sexu jazarpen kutsuko motibazioa dagoelako familia honen ihesaldiaren oinarrian. Aitak alfonbrak saltzen zituela dio Asmak kasik keinuka. “Baina ahizpak eta biok arazo handi bat genuen”, gehitu du Mina alaba zaharrenak. “Umeak ginenetik, gure auzoko gizon zahar batek mehatxatuta eduki izan du aita; ahizpa eta biok beretzat nahi gintuen, berekin ezkontzeko”. Mohammed Isaacek beti esan izan zion ezetz, baina jazarpena areagotuz joan zen urteek aurrera egin eta neskak kozkortu ahala. “Ezin izan dugu inoiz eskolara askatasunez joan edota kalean lasai ibili, bere beldur ginen. Egun batez, etxe kanpoan eduki genuen zain; atea gurutzatu nuen bezain pronto heldu eta kotxe barrura sartu ninduen”, dio Minak. Hain ozen oihukatu zuen ezen aita ohartarazteko gai izan baitzen. “Libratu ninduen, baina orduz geroztik gizon zaharrak aita hil nahi du eta amak ez du irribarrerik egiten”. Handitzean zer izan nahi ote duen galdetuta, Minak ez ditu lotsa eta etsipena ezkutatzen: “Ez naiz inoiz eskolara joan...”.

 

OMAR HUSSEIN, YASMEN, SEME-ALABAK ETA ILOBA
Bagdad (Irak)

 

“Estatubatuarrak iritsi ziren, gerra piztu, bandoak armatu, eta ospa egin zuten. Irakiarrok elkar erail genezan utzi zuten, orain gure herrialdearen berreraikitzearekin aberasten ari dira, baina ez dute inongo asmorik han benetako bake iraunkorra bideratzeko”.

“Ni ez naiz musulman ona”, dio algara artean Omar-ek. “Sunia naiz, bai, baina tarteka alkohola edaten dut, erre ere bai, eta ez daukat arazorik nire lagun kristauekin Gabonak ospatzeko! Bizitza bizitzea gustatzen zait!” Indarkeriatik ihesi alde egin zuten Iraketik. “Ez dugu gure seme-alabak giro bortitz horretan hazterik nahi, han giza-eskubideak ez daude bermatuta, arrazoirik gabe akabatzen dute jendea. Estatubatuarrak iritsi ziren, gerra piztu, bandoak armatu, eta ospa egin zuten. Irakiarrok elkar erail genezan utzi zuten, orain gure herrialdearen berreraikitzearekin aberasten ari dira, baina ez dute inongo asmorik han benetako bake iraunkorra bideratzeko”. Yasmenek ikasketak berrartu nahi ditu, “Arkitektura ikasi nahi du”, dio senarrak bere partez. “Ez dugu seme-alaba gehiagorik nahi, esan dizut ez naizela musulaman ona...”, barrez. “Ni soldatzailea nintzen, baina osasunez pattal nabil eta gure kasua lehentasunezkotzat joko duten esperantza dugu: giltzurrun bakarra daukat eta %50ean dabilkit, asma krisialdiak ere izaten ditut maiz, tentsio altua, bihotza erdipurdi, ikusmena ere kili-kolo... Hemen Grezian ez naute artatu nahi baina anaia gazteak Luxenburgora iristea lortu du, eta berak dio han badirela profesional onak nire gaitzei tratamendua jartzeko”.

ALHASSANE SYLLA
Kindia (Ginea Konakry), 17 urte

“Ejerzitoak ematen digun janaria urria eta txarra da, animalien antzera tratatzen gaituzte".

“Europan ikasi nahi dut, lanpostu bat lortu eta nire soldatarekin etxean utzi ditudan hiru anaiak eta bi arrebak babestu”. Aitarik gabe, urriak dira bizitzak familia honi Ginea Konakryn oparituko dizkion aukerak. “Jaioterritik Marokora mugitu nintzen hegazkinez, handik Iranera hegazkinez baita ere. Gero oinez jarraitu nuen Turkiaraino, eta oinez baita ere kostalderaino”. Bidearen zati handi bat bakarrik osatu zuen Alhassanek, bere 17 urteak bizkarrean. Baina Ejeo itsasoa noiz gurutzatuko zain Turkian eman zituen asteetan harreman estua egin zuen adin beretsuko Haitiko mutil batekin. “Frantsesez hitz egiteak batu gintuen eta, adiskideak baino gehiago, anaiak bilakatu ginen azkenerako. Baina berak martxoaren 20a baino lehenago lortu zuen irlara iristea eta hemendik Grezia kontinentalera. Nik, ordea, beranduegi gurutzatu nuen itsasoa eta hemen harrapatuta geratu naiz. Orduz geroztik ez dut bere berririk izan”. Ez da banaketa kasu bakarra ezta dramatikoena ere. Etxetik elkarrekin ateratako senitartekoak mugaren alde banatan harrapatu baitzituen martxoaren 20ko itunak, eta beraz, apeta politiko eta ekonomikoek milaka familia banandu dituzte. Erreportaje hau idazteko unean, Alhassane Syllak Vial kanpaleku militarizatuko barrakoi hotz batean igarotzen zituen gauak. “Ejerzitoak ematen digun janaria urria eta txarra da, animalien antzera tratatzen gaituzte. Zorionez, errefuxiatu estatusa lortzeko elkarrizketa egiteko eskaera onartu didate Atenasen eta espero dut laster hemendik atera ahal izatea”.

Siriatik ez ezik, Ekialde Hurbileko gainontzeko herrialdeetatik, Magrebetik, Sahara azpiko Afrikatik nahiz kontinente honetako adarretik, Balkanetatik… baita Latinamerikatik ere etorkizun duinago baten bila ihesi ateratako munduko herritarrak, askotarikoak, ari dira europarron gizatasunari ate-joka. Kios irlan, esaterako, 20tik gora herritartasun ezberdin erregistratu dituzte Estatuena beharko lukeen lana egiten duten boluntario eta elkarteek. Errefuxiatu kanpalekuetan eratzen diren mikrojendarte hauetako estamentu baxuenen parte izan ohi dira arraza beltzekoak. Gehienak Mendebaldeak ahaztutako gerra amaigabeen oinazea dakarte begiradan, eta urtetako periploaren nekea zangoetan.

OAY ALABED
Beirut (Libano), 27 urte

"Siriako gerrak eztanda egin zuenean, ni ere boluntario ibili nintzen errefuxiatuei laguntzen, eta orain beste aldean ikusten dut neure burua. Etxekoek hotel batean nagoela uste dute, bestela bihotzekoak emango lioke aitari”.

“14 kilo gizendu naiz kanpaleku honetan daramatzadan bost hilabeteetan, jendea desesperatzeko pentsatutako lekua da hau”. Loay dekoratzailea da, familia aberatsekoa eta, beraz, ez du Gobernuz Kanpoko Erakundeen beharrik jateko edo janzteko. “Beiruten gimnasiora joaten nintzen egunero, hemen ezin ditut kaloriak erre”. Jaioterria zergatik utzi ote zuen galdetu eta hauxe dio: “Kristau eta musulmanen arteko tira-birek gobernatutako herrialde batean ateo izatea ez da batere erraza. Libano osoan 103 ateo besterik ez daude erregistratuta, eta ni naiz horietako bat. Gehiago egongo dira noski, baina ez dute publikoki ezta administratiboki aitortu nahi, ateoi lanpostuak ukatzen dizkigutelako, ezkontzeko aukera ere ez digute ematen... baztertu egiten gaituzte azken batean”. Horrenbestez, orain dela hiru urte Berlinera mugitu zen, han finkatutako enpresa libanoar batentzat lan egiteko. “Urte eta erdi igarota, etxera itzuli nintzen familia bisitatzera, eta hain justu tarte horretan aldatu ziren etorkinen inguruko politikak”. Loayk Berlingo lanpostura bueltatzeko baimena eskatu zuenean, Alemaniako Gobernuak hiru hilabeterako turista bisa besterik ez zion aitortu. “Egonaldi luzeago baterako 22.000 dolar eskatzen zizkidaten, gero lanpostuarena frogatutakoan itzuliko zizkidatela zioten, baina ezin fidatu... eta, beraz, Europara beste bide honetatik sartzea erabaki nuen, Norvegian, Espainian, Erresuma Batuan... ere lagun pila bat ditudalako ni kontratatzeko prest”. Topatu duen blokeoa ez zuen inondik inora espero, ordea. “Badakizu zer? Siriako gerrak eztanda egin zuenean, ni ere boluntario ibili nintzen Libanora heldu ziren aurreneko errefuxiatu haiei laguntzen, eta orain beste aldean ikusten dut neure burua. Etxekoek hotel batean nagoela uste dute, bestela bihotzekoak emango lioke aitari”. Soinean daraman Timberland jaka Kios irlan bertan baina kostata erositakoa da: “Dendariak ez zidan saldu nahi, ez zuen sinesten txartelaz ordaindu ahal izango nuenik; kutxazain automatiko batera joan eta dirua aterarazi zidan”. Europan gehiengoak buruan errefuxiatu tipologiatik oso urrun baitago Loay: “Beiruten, gure auzoan, Errusiako, Frantziako, Espainiako... etorkinak dabiltza etxeak garbitzen”.  

ACNUR-en datuen arabera, Libanok milioi bat errefuxiatu siriar hartu ditu gatazka hasi zenetik. Egun, populazioaren ia herena errefuxiatuak dira herrialde horretan. Espainiar estatuak, adibidez, 900 eskas hartu ditu, zegokionaren %5.

Eta datorren hilean...

Kiosen bildutako testigantza gehiago apirileko GAZTEZULO aldizkarian