Giza itxurako robotak lanerako entrenatzeko gunea zabaldu dute Alemanian
Arlo fisikoarekin lotutako datuak bildu nahi dituzte, robotak lantegietako eta biltegietako lanetarako ahalik eta hobekien prestatu ahal izateko.
Tum Robogym izeneko gimnasioa inauguratu berri dute Neura Robotics eta Municheko Unibertsitate Teknikoak. LabCampusean dago kokatua, Municheko aireportuaren ondoan, eta 100 giza itxurako robotek eta zerbitzu-robotek objektuak maneiatzen ikasiko dute bertan. 2.300 metro koadro ditu guneak, eta entrenatzeko 48 bat gelaxka. 17 milioiko inbertsioa egin dute.
Robotek hainbat zeregin egiten dituzte: kaxak tolestu, osagaiak muntatu, tresnak erabili... Hau da, lantegietan eta biltegietan izaten den material mugimenduarekin zerikusia duten kontuak.
Ekimen honen bidez objektuen erabileraren inguruko datuak bildu nahi dituzte, makinek eskuekin egin beharreko zereginak gauza ditzaten. Horretarako, indarrarekin, materialekin eta kontaktuarekin zerikusia duten datuak jasoko dituzte.
Robotek erregistratutako datuak hodeian dagoen biltegira bidaltzen dituzte. Informazio hori erabiliz, ikertzaileek adimen artifizial fisikoko ereduak entrenatzen dituzte, makinak kontrolatzeko gai diren adimen artifizialeko sistemak alegia.
Hiru modu baliatzen dituzte datuak lortzeko: sentsoreek jasotako roboten mugimenduak eta emaitzak; gizakiek egindako erakustaldietatik hartutakoak, haien mugimendua atzeman eta roboten urrutiko kontrola aintzat hartuta; eta azkenik, ingurune birtualetan egindako simulazioak.
Neura Roboticsek azaldu duenez, hainbat sektoretako enpresak haien prozesuen bueltako probak egiten ari dira. Tartean dira autogintza, farmazia, medikuntza-teknologia, logistika, nekazaritza, enbalajea eta zaintzarekin lotutakoak. Kartoizko kaxak maneiatu, botilak bete, edo piezak kargatzeko eta deskargatzeko jardunak egiten dituzte, eta enpresek bertan ziurtatzen dute zer robot mota komeni zaien haien lantokira eraman aurretik. Giza itxurako robotak, laguntzarako robot mugikorrak edota beso robotikoak izaten dituzte aukeran.
Munichekoaz gain, Europako leku gehiagotara, Estatu Batuetara eta Txinara zabaldu nahi dute eta entrenamendurako zentro sarea sortu.