Giza Eskubideen alde, murrizketei aurre
Krisia. La crisis. Une crise. Zenbatetan entzun izan ote dugu hitz berbera azken hilabeteetan? Irratia piztu eta krisia, telebistan edozein saio ipini eta krisia. Baina, pentsatzen al dugu aipatzen diguten arazo ekonomikoaren atzean dagoen horretaz?
Egiturazko krisi sistemiko honek kapitalismo patriarkala sendotzen du, baloreen eta zaintzen krisia areagotuz, ez baitugu ahaztu behar kapitalismoaren funtsezko printzipioetako bat emakumeen esplotazioa dela.
Beraz, orain inoiz baino beharrezkoagoa da pertsona eta bere beharrak jartzea interesen erdigunean, hauek izan daitezen bizitzaren eta lanaren erritmoa markatuko dutenak, eta ez merkatuen interesak. Gainera, oso gogoan eduki behar dugu krisia bera aitzakia izaten ari dela garapenerako lankidetza eta berdintasun politikak desegiteko, gure eguneroko lana oztopatuz.
Giza Eskubideak murrizketen aitzakiarekin urratzen ari diren garai hauetan, Mundubat Garapenerako Gobernuz Kanpoko Erakundetik (GGKE) berauek babesteko lanean jarraitzen dugu Iparraldean eta baita Hegoaldean ere.
Iparraldean gizarte mugimenduekin lan egiten dugu eta garapenerako lankidetzan dihardugun herrialdeetako (Brasil, Kolonbia, Kuba, Salvador, Guatemala, Honduras, Mexiko, Nikaragua, Mendebaldeko Sahara, Palestina, Mozanbike eta Bolivia) egoera azaltzen saiatzen gara argazki erakusketa, tailer, hitzaldi eta foro anitzen bidez.
Azken hilabeteak gogorrak izan dira gure antzeko jarduna duten GGKE guztientzat, murrizketek eguneroko lana zaildu baitigute. Baina, aldi berean, krisiak indartu egin gaitu eta prest gaude sinesten dugun aldaketa horren alde eta bestelako mundu baten defentsan lanean jarraitzeko.
2011ko urrian, saharar errefuxiatu kanpamentuetan kooperante ziharduen Enric gure lankidea bahitu zuten Ainhoa eta Rosellarekin batera. Kolpe gogorra izan zen denontzat, baina laster gure artean izango dugunaren esperantzak kemena ematen digu.
Pertsona guztiek eskubide guztiak izango dituzten mundu batean sinesten dugu eta horri eusten diogu lanean jarraitzeko.