Giza Eskubideen 7. Zinemaldia

Donostian dena prest daukate Giza Eskubideen 7. Zinemaldia hasteko. Gaurtik hasi eta apirilaren 30a bitarte, 16 film luze eta 13 labur ikusteko aukera izango da Victoria Eugenia antzokian. Filmeez gain, erakusketak eta zuzeneko kontzertuak ere izango dira. Eta horrekin batera, notizia itzela: Fermin Muguruza kamera atzean aritu da lehen aldiz, "Checkpoint rock" dokumentala filmatzeko. GAZTEZULOk zinemaldiari eta dokumentalari buruzko informazioa dakarkizue.


Gaur abiatuko da Giza Eskubideen 7. Zinemaldia, Donostian. 19:30ean egingo dute inaugurazio ekitaldia, Viktoria Eugenia Antzokian. Ekitaldia amaituta, Anartz Zuazuaren "El nunca lo haria" film laburrak emango dio hasiera aste osoan eskainiko duten emanaldi sortari. Horren ondotik beste 12 film labur eta 16 luzeren proiekzioaz gozatzeko aukera ederra izango da. Film guztiak jatorrizko bertsioan emango dituzte, gaztelaniaz azpidatzita, "Cemetery People" eta "Oasis" salbu. Hauek euskaraz azpidatzita eskainiko dituzte.
Sarrerak
Ikusleek sarrerak eskuratzeko aukera desberdinak izango dituzte, norberaren interesaren arabera. Horrela, emanaldi guztietarako bonoa eta zinemaldiko katalogoa 18 euro kostako da. Filma edo pelikula bakoitzerako sarrerak, berriz, 3,70 euroan salduko dituzte. Horrez gain, Fermin muguruza eta Javier Corcueraren "Checkpoint Rock. Canciones desde Palestina" dokumentalean parte hartu duten musikariek eskainiko duten zuzenekorako sarrerak 10 euro balio dute.
Checpoint Rock. Canciones desde Palestina
Fermin Muguruzak eta Javier Corcuerak egindako dokumentala da ikusmin gehien sortu duen lanetako bat. Checkpoin Rock musikari irundarraren alderdi zinematografikoena erakusteko beharraren emaitza izan da, funtsean. Lehenago ere harreman handia izan du zinemarekin, baina oraingoan beste urrats bat eman du bere ibilbide oparoan. Duela zenbait hilabete "Mirant al cel" dokumentalerako soinu banda osatu bazuen, oraingo honetan haratago joan da eta kameraren atzean aritu da, lehendabiziko aldiz. Palestinan garatzen ari diren musika estilo desberdinetara hurbildu asmoz, Israelen, Gazan eta Zisjordanian aritu da filmatzen. Horrela, hip hop abeslari gazteeen, rock taldeen nahiz musikari tradizionalek bizi duten errealitatea islatu nahi izan du dokumental zoragarri honetan. Trailerra ikusteko klikatu hemen.