Giza Eskubideen 20. Zinemaldiko Gazte Epaimahaian parte hartzeko izen-ematea ireki dute

Martxoaren 17ra arte eman daiteke izena.

Gazte Epaimahaikoa 18 eta 30 urte arteko 150 gaztek osatuko dute, eta euren ardura film laburrik onena aukeratzea izango da, apirilaren 21etik 28ra bitarte egingo den Giza Eskubideen Zinemaldian. Film labur onenak 3.000 euroko saria jasoko du.

Parte hartzen dutenek, nahitaez, Antzoki Zaharrera joan beharko dute apirilaren 20an, film laburrak ikusteko saiora. Gainera, Zinemaldiko 19:30etako saioen %80ra joan beharko dute gutxienez. Zinemaldiko programazio osoa doan ikusteko aukera izango dute epaimahaiko kideek.

Epaimahaiko kide izan nahi duenak www.zinemaetagizaeskubideak.eus webgunean eman behar du izena, martxoaren 17ra bitarte. Izena emandakoen kopurua dela eta, baliteke zozketa egin behar izatea martxoaren 20an.

Antolatzaileek jakinarazi dutenez, Gazte Epaimahaian parte hartuko duten Euskal Herriko Unibertsitateko, Deustuko Unibertsitateko eta Ikus-entzunezko graduko Mondragon Unibertsitateko ikasleek ECTS kredituak izango dituzte.