Giro aparta eta irudi ikusgarriak GAZTEZULO skate & snow erakustaldian
Udaberrian sartuta eta kasik uda giroarekin, GAZTEZULOk elur gaineko ikuskizuna eraman zuen larunbatean Donostiako Zurriola hondartzara. Skateak, snow oholak eta hip hop dantzak izan ziren protagonista.
Eguraldi bikainak lagunduta, jendetza bildu zen larunbatean martxoak 24 Donostiako Kursaalaren eta Zurriola hondartzaren arteko eremuan. Izan ere, joan den astean zehar iragarri genuen moduan, 16:30ak aldera GAZTEZULO skate & snow festa hasi zen.
Skaterren txanda izan zen lehenik. RideYourself taldearen bitartekaritzaz Lezotik eta Oreretatik hurbildutako gazteek jauzi ikusgarriak oparitu zizkiguten! Kursaaleko petriletik abiatu, abiadura hartu eta hiru bat metroko saltoak egin zituzten hondartzara sarbidea ematen duen aldaparaino.
Bien bitartean, lagunak snow erakustaldirako behar zuten muntaia prestatzen ari ziren: elurrez estalitako pista laburra, baranda baten alboan; baranda gainera jauzi egin ahal izateko adinako bultzada emango ziena.
Skate erakustaldia amaitu eta elurra behar bezala zabaldu bitartean, tartea arintzeko, Bamboo dantza eskolako dantzariek hiru koreografia ezberdin dantzatu zituzten hip hop musikaren erritmora.
Eta azkenean heldu zen arratsaldeko erakustaldi garrantzitsuena: snow saioa. Orotara, zazpi gazte semiprofesional aritu ziren baranda gainean labaintzen; sei ohol bakarrarekin, eta beste bat eskiekin. Saio onak izan ziren, kolpe latzak ere bai eta, pixkanaka-pixkanaka berotuz joan zen giroa parte hartzaileen artean ez ezik ikusleen artean ere.
Argazki lehiaketa dugu martxan!
Arratsalde osoan zehar hizlariak aipatu zuen moduan, saioak iraun zuen bitartean kamerarekin edota sakelako telefonoarekin argazkiak egiten aritu zirenek irudi onenak bidal ditzakete gaztezulo@gaztezulo.com helbidera. Aste osoa duzue horretarako, ostiralean itxiko dugu epea eta, orduan, hoberenak sarituko ditugu GAZTEZULO materialarekin. Animatu!