Gipuzkoako Eskolarteko Txapelketarako izen-ematea zabaldu dute

Otsailaren 13ra arte eman ahal izango da eskolarteko bat-bateko bertso jardunean parte hartzeko izena.

Gipuzkoako Eskolarteko Txapelketaren hamazazpigarren edizioa izango da aurtengoa, Gipuzkoako Bertsozale Elkartearen eta Ikastolen Elkarteren arteko elkarlanaren bidez antolatua. Idatzizkoa eta bat-bateko jarduna izango dira edizio honetan ere.

Idatzizkoaz Ikastolen Elkartea arduratuko da eta online izango da, eta bat-batekoa, aldiz, Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak antolatuko du eta bertso-afari formatua berreskuratzeko saiakera egingo dute, osasun egoerak ahalbidetzen badu behintzat. 

14-18 urte bitarteko gazteek hartu ahal izango dute parte bat-batekoan, eta kanporaketak honako data hauetan izango dira: martxoak 18, martxoak 25, apirilak 1, eta apirilak 8. Finala, berriz, apirilaren 29an jokatuko da. 

Bat-batekoan parte hartzeko galdetegia bete beharko da otsailaren 13a baino lehen.