Gipuzkoako Erroten Eguna ospatuko da bihar lehen aldiz

Hitzaldiak, bisita gidatuak, talo tailerrak, erromeriak, eta mendi ibilaldiak izango dira lurraldeko hainbat herritan.

Gipuzkoako Erroten Eguna ospatzeko ekimena Ihurrita Errota elkarteak bultzatu du, lurraldeko hainbat elkarte, udalerri eta eragileren laguntzarekin. Jendeari errotak hobeto ezagutzeko eta ondare-elementu horri lotutako alderdi ezberdinak ulertzeko aukera ematea du helburu: historia eta kultura, ingurumena, teknologia, energia desberdinen erabilera eta gure gizarteak eta paisaiak izan dituzten aldaketak.

Honela azaldu dute erroten garrantzia antolatzaileek: "Errotak gure ondare historiko, teknologiko, antropologiko eta etnografikoaren parte dira. Mende askotan zehar garrantzi handia izan dute Gipuzkoako garapen sozial, ekonomiko eta industrialean. Lurraldearen orografiari eta klima euritsuari esker, errotaren industria garatu da, mendeetan zehar energia hidraulikoa baliatzen baitzuen komunitateari zerbitzua ematen zion hainbat zereal mota ehotzeko. Arto amerikarraren etorrerak eta gure lurraren ezaugarrietara ondo egokitzeak euskal geografiako bazter guztietara zabaldu ziren erroten kopurua biderkatu zuen, eta hainbat mendetan zehar beren jarduerari eutsi zioten, pixkanaka bigarren maila batean geratzen joan ziren arte".

Aurrez zenbait ekintza egin badituzte ere, biharko egunez lotu dute egitaraurik oparoena, eta Gipuzkoako hainbat herritara zabaldu dute ekimena: Aia, Altzo, Amezketa, Antzuola, Arama, Asteasu, Ataun, Azkoitia, Azpeitia, Beasain, Beizama, Bergara, Deba, Donostia, Eibar, Errenteria, Eskoriatza, Ezkio-Itsaso, Gabiria, Irun, Larraul, Legazpi, Mutiloa, Oiartzun, Oñati, Ormaiztegi, Tolosa, Usurbil, Zaldibia, Zegama, Zerain, Zizurkil eta Zumaia. 

Maiatzeko hurrengo asteburuetan ere izango dira jarduerak. Hemen kontsulta daiteke egitarau osoa.